Orain dela mende bat idatzitako gutunak

Az, 2012-06-06 12:25

Lezoko udal liburutegiak orain dela ehun urte eskuz idatzitako hiru gutun katalogatu ditu, gaztelaniaz idatzitakoak: 1912koa bata (R. 25383), eta 1913koak beste biak (R. 25384 eta R. 25385).

Pepe Salaverria da gutunen egilea, beste askok bezala Argentinara emigratu behar izan zuen lezoarra, Elias Salaverria margolariaren lehengusua. Ucacha izeneko herrian idatziak dira gutunak, Argentinako Córdoba probintzian. Eta Lezon geratu zen aitari zuzenduak dira, hango berri emanez.

Gutunak 2010eko ekainaren 3an aurkitu ziren, liburutegiko biltegi txiki bat hustu zenean. Eta orain ikerlarien eta herritar guztien esku daude, liburutegiak tokiko bildumari eskaintzen dion atalean.

Liburutegiak gisa horretako agiriak jaso, katalogatu eta herritarren esku jartzeko interes berezia dauka. Hala, herritarren batek gerraurrean lezoarrek sortutako gutun, bertsopaper edo eskuizkriburen bat izango balu, Andreonera eraman lezake: bertan kopia bat egingo litzateke liburutegiarentzat, eta originala jabeari itzuliko litzaioke segituan.

Arloa edo saila