Tantaz Tanta, euskal presoen eskubideen alde

Og, 2014-01-09 14:53

Lezoko, Pasaiako, Errenteriako eta Oiartzungo Udalek larunbateko manifestaziora joateko gonbita luzatu dute

Oarsoaldeko Eskualdeko Udaletako alkateek, tartean Ainhoa Zabalo Lezoko alkateak agerraldia eskaini dute gaur goizean. Bertan, larunbatean Bilbon Tantaz Tanta Euskal Presoen Eskubideen Alde lemapean antolatu den manifestazio nazionalera joateko konpromisoa adierazi dute, eta herritarrei bertara joateko gonbita luzatu diete.

“Gure herriaren etorkizun baketsua oinarri sendoen gainean eraiki dadin, denoi dagokigula urratsak ematea, jendarteak eskatzen diguna horixe baita: eragile politiko eta instituzionalen inplikazioa. Horregatik, lau Alkateok pausu hau ematen dugu, betiere konponbidearen alde zintzoki gure ekarpena egiteko asmoz”, adierazi dute.

Egun, lau herriek osatzen duten eskualdean 23 preso daude, eta horietako bakarra dago Euskal Herrian: Aitzor Gogorza, Basaurin–. Gainera, Errenteriako presoa gaixotasun larri batekin dagoela gogorarazi dute. Bestalde, beste bost presok zigorraren hiru laurdena bete dutela salatu dute: Juan Karlos Estevez “Melli”, Marina Bernado –Errenteriakoak biak–, Imanol Iparragirre, Gorka Zulaika eta Balbino Saez –azken hirurak Pasaiakoak–.

Presoen eskubideak

Agerraldia amaitu aurretik, presoen eskubideen harira beste hiru puntu nabarmendu dituzte:

1. Atzoko egunean Guardia Zibilak aurrera eraman zuen zortzi euskal herritarren aurkako operazio poliziala, konkretuki, Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren bitartekaritza lana betetzen zutenena. Egun gutxi dira, EPPK-k agiria kaleratu zuela, euskal gizartearen gehiengo batek urrats garrantzitsutzat hartzen duena. Egoera honen aurrean, bakeari eta irtenbideari ateak ireki beharrean, Espainiako gobernuak kolpe batez itxi nahi izan du euskal gizartearen desio zapuztu nahian. Horregatik berarengatik du garrantzia ere larunbatean egingo den manifestaldiak, soilik euskal gizarteak gelditu ahal dituelako bake prozesua arriskuan jartzen dituzten eraso hauek.

2.  Azpimarratzekoa da Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Parot Doktrinari buruz emandako epaiaren garrantzia. Bake integralaren, elkarbizitza demokratikoaren eta giza eskubideen alde urratsak emateko aukera eta bultzada gisa ulertu beharreko erabakia da, eta ulergaitzagoa egiten dituena Madril eta Pariseko gobernuen jarrerak.

3. Gure borondaterik sendoena adierazi nahi dugu konponbidearen alde, eta dituen alde eta maila guztietan aurrera pausuak ematen jarraitzeko asmo sendoa adierazten dugu. 

Arloa edo saila