Udaleko ordezkariak Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako zuzendari nagusiarekin elkartu dira
Udal ordezkariak, Ainhoa Zabalo alkatea buru, Gipuzkoako Foru Aldundiko Joseba Altube Bide Azpiegituretako zuzendari nagusia eta Jesus Angel Maguregi Plangintza eta Ustiapen Unitateko buruarekin elkartu ziren atzo goizean. Udalak eskatutako bileran, Altamirako errotondan izan ziren bi instituzioetako ordezkariak, bertako arriskuak saihesteko har daitezkeen neurriez hitz egiteko.
Bileran, Udaleko ordezkariak errotondako arazoari “irtenbide definitibo bat” bilatu beharraz mintzatu ziren. Horren harira, Udalak eta Aldundiak ikerketa bat abiaraziko dute elkarlanean, bertan dauden pasabideen kokalekua hobetzeko eta arazoari irtenbide definitibo hori bilatzeko. Bitarte horretan, Udalak Diputazioari baimena eskatu dio seinalitika eta argiztapena hobetzeko, baita onespena lortu ere.
Ez da bi instituzioak Altamirako errontondaren inguruan hitz egiteko elkartzen diren lehenengo aldia. Otsailaren 20an Martin Garitano ahaldun nagusia Lezon izan zen, udalerria bisitatzen. Hainbat leku bisitatu zituzten, tartean Altamirako errotonda. Bertan, Ainhoa Zabalo alkateak egunero-egunero bertatik pasatzen diren bizilagunek pairatzen dituzten arriskuez ohartarazi zuen ahaldun nagusia.
Tamalez, arrisku horiek hildako bat utzi dute udalerrian. Joan den hilabetean, Lezoko 51 urteko emakume batek bizia galdu baitzuen bertan, Irunerako norantza hartzeko errepidean dagoen zebrabidea gurutzatzen ari zela auto batek harrapatuta.