19.779 euro bideratuko ditu Lezoko Udalak tokiko merkataritza eta ostalaritza suspertzera

Or, 2020-08-07 12:31

Horretarako “Lezo Bonua” ekimena jarri du martxan; horren bitartez, 7 euroren truke, lezoarrek 10 euroko bonua jasoko dute erosketak egiteko.

Aipatu bonuak ekimenera atxikitako establezimenduetan eskuratu eta erosi diren tokian bertan gastatu ahal izango dira urriaren 31a arte.

Covid-19aren krisia ez da bakarrik osasun-krisia izan. Alarma-egoerak eta konfinamenduak ezinbestez txikizkako establezimendu gehienak ixtera eramaten dute. Ondorioz, krisi ekonomikoa sortu da eta Lezoko herritarrekin batera, bereziki ukitu ditu gure merkataritza eta ostalaritzaren sektoreak.

Hori aintzat hartuta eta pertsonak izanik udal jardunaren ardatz nagusia, Lezoko Udalak 19.779 euroko diru-lerroarekin “Lezo Bonua” programa onetsi zuen, herritarrei merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuetan gastatzen laguntzeko eta, bide batez, udalerriko establezimenduak babestu eta indartzeko.

Horri jarraiki, Udalak jarri du dagoeneko martxan “Lezo Bonua” deituriko programa, tokiko kontsumoa bultzatzeko. Era berean, programaren helburua da merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorearen barruan, lezoarrei ondasunak eta zerbitzuak erosten laguntzea eta Lezoko txikizkako establezimenduetan herritarren erosketak saritzea.

“Lezo Bonua”ren bitartez, lezoarrek erosketa bonuak eskuratu ahal izango dituzte herriko establezimenduetan gastatzeko. Bonuaren salmenta prezioa 7 eurokoa izango da baina horren balioa, aldiz, 10 eurokoa. Hau da, erosleak, 7 euro ordainduko ditu bonua eskuratzeko baina trukean, 10 euroko erosketa egin ahal izango du Udalak ematen duen 3 euroko diru-laguntzari esker.  

Gauzak horrela, kanpaina honek 6593 bonu jarriko ditu zirkulazioan eta horiek programara atxikitako establezimenduetan erosi ahal izango dira eta erosten den tokian bertan gastatu beharko dira, urriaren 31ra bitartean edo bonuak agortzen diren arte.

Hauek dira aipatu programara atxiki diren establezimenduak, eta horrenbestez bonuak erosi eta horiez gozatu ahal izango diren denda zein tabernak:

  • äriz arropa denda
  • Edurne ile-apaindegia
  • Óptica Lezo
  • Zaldiak jatetxea
  • Garbiñe arrandegia
  • Ttantta
  • Orekan
  • Titare mertzeria
  • Aizpea ostatua
  • Asador Sagar Zulo
  • Txingurri taberna
  • Panpox ile-apaindegi/estetika
  • Sahatsa taberna
  • Petit arropa denda
  • Argi ile-apaindegia
  • Kimaya
  • Kaialde jatetxea
  • Ximak ile-apaindegia
  • Sorgin taberna
Arloa edo saila