Behin betiko onartu da Lezoko zaraten Ekintza Plana

Or, 2020-02-21 14:05

Atzo arratsaldean egindako osoko bilkuran, herritarrek egindako alegazioen txostenarekin batera eman zitzaion azken onespena Lezoko  zarata iturri nagusiei erantzuna emateko Udalak landutako Ekintza Planari.

Gainerako aztergaien artean, 107 industriaguneko lursail zati baten erabilera emakida kontratatzeko eta URA Ur Agentzia eta Lezoko Udalaren artean hitzarmena sinatzeko diktamenak edota udal talde sozialistak elikagaien xahupenaren aurkako Euskadiko plataformara atxikitzeko aurkeztutako mozioa onartu ziren, besteak beste.

Atzo arratsaldean ospatutako ohiko Osoko Bilkuran, eguneko aztergaien artean, Lezoko Zaraten Ekintza Planaren behin betiko onarpena nabarmendu zen. Plana EAJ-PNV eta PSE-EE-ren aldeko bozkekin onartu zen eta EH Bildu abstenitu egin zen.

Zaraten arazoa herritarrei zuzenean eragiten dien gaia izanik, Udalak, Lezoko soinu ingurua hobetu eta 2016an osatutako Zaraten Mapan identifikatutako zarata-iturriei konponbidea ematea helburu hartuta, Zaraten Ekintza Plana osatu zuen iaz, herritarren ekarpenak ere aintzat hartuta.

Behin Plana amaituta, jendaurrean jarri eta alegazio epea zabaldu zen eta epe horretan jasotako guztiak aztertuta, atzo arratsaldean, alegazio horien txostenarekin batera, behin betiko onespena eman zitzaion aipatu Planari. Aurrerantzean, beraz, dokumentuan jasotako ekintzak burutzeari ekingo dio Udalak, esan bezala, aurrez Zaraten Mapan identifikatutako zarata iturriei irtenbidea emateko eta bide batez, lezoarren ongizatea eta bizi kalitatea hobetzeko.

Era berean, eguneko gainerako aztergaien artean 107 industriaguneko 3, 4 eta 5 zenbakien lursailen erabilera emakida kontratatzeko prozesuari hasiera emateko diktamena onartu zen. Aipatu lursail zati hori geldirik egon da urte askotan zehar eta ez da inolako jarduerarik burutu bertan; horrenbestez, espazio hori berrerabiltzeko prozesua zabaldu du Udalak, enpresei zuzenduta.

Era berean, URA Ur Agentzia eta Lezoko Udalaren arteko hitzarmena onartzeko diktamena ere onartu zen atzo. Behin hori eginda, datozen urratsen artean, hitzarmenaren irizpideak, ezaugarriak eta nondik-norakoak definituko dira. Horren bitartez, helburua da Ur Agentziaren lankidetzarekin batera ibaien ibilguak berroneratu eta mantentzea.

Horrez gain, udal langileen soldatak legeak agindutako %2an igotzeko proposamena onartu zen eta 2019ko udal aurrekontuaren aldaketaren zein udal kontu hartzailearen txostenen berri eman zen.

Mozioen atalean, halaber, udal alderdi sozialistak, Lezoko Udala elikagaien xahupenaren aurkako Euskadiko plataformara atxikitzea proposatu zuen eta hori ere onartua izan zen.

Arloa edo saila