Covid-19aren krisialdiari aurre egitea du ardatz Lezoko udal gobernuak aurkeztutako aurrekontu proposamenak

Al, 2020-11-16 13:44

Lezoko gobernu-taldeak aurkeztutako aurrekontu proposamenak izaera bereziki soziala du eta helburu du udal baliabideak optimizatzea horretarako ohiko gastua zuhurtziaz kudeatuz, arrazionalizatuz eta mantenduz.

Horrela, tokiko gobernuak udaletxeko sail desberdinetako ekimen, programa, zerbitzu eta jarduerak mantentzea proposatu du eta lan ardatz nagusia Covid-19ak eragindako krisialdiari erantzuna ematean kokatu du. 

Lezoko udal gobernuak 2021erako aurrekontu proposamena aurkeztu du. Ildo horretan, jakina da Covid-19ak gure gizartea kolpatu zuenetik Udalek murriztuta ikusi dituztela Foru Aldundietatik jasotzen dituzten diru-sarrerak. Hori dela eta, Lezoko Udalak iazko aurrekontua baino %15 gutxiago izango du datorren urteari begira. Horri jarraiki, gobernu taldeak inbertsio gehienak bertan behera uzteko proposamena luzatu du, aurrekontuaren gehiengoa Covid-19ak eragindako osasun eta ekonomia krisiari erantzuna ematera bideratu ahal izateko. Edozein kasutan, gobernu taldeak diru-laguntzak jasotzeko konpromisoa duten inbertsioak mantendu ditu, hala nola, Altamirako igogailu berriaren proiektuaren idazketa edota hainbat azpiegituren konponketak.

Covid-19ak eragindako ekonomia krisiari aurre egiteko laguntza lerroak

Udal diru-laguntzak momentuko beharren arabera jarriko dira martxan, eta behar horiek, orain arte bezala, pandemiaren bilakaeraren araberakoak izango dira. Horri jarraiki, gobernu taldeak ez du udal laguntzetarako diru-kopuru jakin bat jasotzen duen partidarik sortu, oraindik ezin baita jakin zenbaterainokoak izango diren 2021ean sor daitezkeen beharrak eta, horrenbestez, laguntza horiek kreditu globalaren eta Udal gerakinaren bidez finantzatzea proposatzen du.

Horri lotuta, gobernu taldeak adierazi du hobe dela une edota garai bakoitzean sor daitezkeen beharrei erantzuteko baliabide ekonomikoak eskura izatea. Udal laguntzei gainera, ondoren, Eusko Jaurlaritzatik eta Gipuzkoako Foru Aldunditik datozenak gehituko zaizkie.

Herri nortasuna indartu eta lezoarren ongizatea bermatzearen aldeko apustu irmoa

Gobernu taldeak herri nortasuna mantendu eta indartzearen aldeko apustu irmoa egiten du, are gehiago gaur egungo egoera kontutan hartuta; izan ere, gizarte urruntzeak eta neurri murriztaileek gero eta eragin handiagoa baitute gizartean eta herritarrengan.

Horri lotuta, kulturak eta kirolak Lezoko nortasunaren ikur izaten jarraituko dute. Izan ere, beste urte batez, gobernu taldeak kirol zein kulturarekiko egindako apustua berretsi du eta ekitaldi, ikuskizun, ekimen eta jarduera guztiak mantentzearen aldeko proposamena ere egin du, osasun krisiak horiek aurrera eramateko aukera ematen duen heinean, behintzat.

Era berean, gizarte programa, zerbitzu, prestazio eta laguntzei bideratutako partida guztiak mantenduko dira eta berdintasunaren esparruan, gobernu taldeak Lezoko III. Berdintasun Plana idazteko kontu-saila handitzearen aldeko konpromisoa azaldu du baldin eta Emakundek bere diru-laguntzak mantentzen dituen.

Udal aurrekontuaren %4a, halaber, euskara sailera bideratuko du 2021ean ere, gure hizkuntza ama Lezon eta lezoarren artean sustatzen jarraitzeko, euskarak  gure egunerokotasuneko hizkuntza nagusi izaten jarrai dezan.

Eta Enplegu Planari dagokionean, hurrengo urtean ere, honek dagokion diru-partida izaten jarraituko du, Garapen Agentziak enplegua eta ekintzailetasuna sustatzeko ekimenak aurrera eramaten jarrai dezan,  langabezian dauden pertsonei aukera berriak eskaintzeko.

Arloa edo saila