LEZO PALESTINAREKIN DAGOELA ALDARRIKATUKO DUTE LARUNBATEAN

Ar, 2025-09-09 14:28

Manifestazioa 18:00etan hasiko da Gurutze Santuaren plazatik. Lezoar guztiak gonbidatu dituzte palestinar herriari elkartasuna adieraztera.

Santakrutzak ate-joka dira eta larunbatean txupinaren hotsarekin hasiko da festa, arratsaldeko 19:00etan. Musikaz, festaz eta elkartzeko momentuz beteko da Lezo irailaren 13tik 21era bitartean, hala eta guztiz ere Lezoko eragile eta taldeek ez dute alde batera utzi nahi izan Palestinar herria jasaten ari den genozidioa, horregatik, irailaren 13an, larunbata, arratsaldeko 18:00etan manifestazioa deitu dute. EAJ eta EH Bildu Lezo udal taldeek ere bat egin dute deialdiarekin.

Lezoko eragile eta taldeen gehiengoak egin du bat manifestazioarekin eta gonbidapena egin diete lezoar guztiei deialdira gehitzeko. 'Lezo Palestinarekin, genozidioa stop!' lelopean antolatu dute manifestazioa, palestinar herriari elkartasuna adierazteko. 

Udal gobernu taldeak bat egin du deialdiarekin eta lezoar guztiak gonbidatu ditu parte hartzera. Mikel Arruti Lezoko alkateak adierazi duenez, "nahiz eta ospakizunerako eta alaitasunez bizitzeko egunak diren, ezin dugu ahaztu egun leku askotan ez dutela ospakizunerako ez alaitasunerako lekurik. Herriak ez du alde batera utzi nahi izan Palestinar herria jasaten ari den genozidioa. Gure herriaz harro gaude. Lezoko udal gobernu taldetik irmoki gaitzesten dugu Israelgo estatua Gazan egiten ari den genozidioa eta elkartasuna adierazi nahi diogu Palestinar herriari. Beraz, lezoar guztiak manifestaziora joatera gonbidatzen ditugu".

 

Arloa edo saila