Lezoko Hirigune Historikoa birgaitzeko Plan Bereziaren lehen aldaketa onartu da

Or, 2021-01-29 13:54

Aldaketa horrek, etorkizunera begira Donibane kaleko 4. zenbakian etxebizitza-sustapen pribatu berri bat eraikitzea aurreikusten du, hain zuzen kultur bulegoaren aldamenean.

Horrekin batera, kiroldegiko kudeaketa integralaren ekonomia eta finantza bideragarritasunaren txostena edota udal langileen ordainsariak igotzeko diktamenak aztertu ditu udalbatzak, baita bi mozio ere.

Atzo arratsaldean egin zuen Lezoko udalbatzak 2021 urteko lehen ohiko osoko bilkura eta eguneko aztergaien artean, Lezoko Hirigune Historikoa birgaitzeko Plan Bereziaren lehen aldaketaren onarpena nagusitu zen.

Aldaketa horrek, etorkizunera begira Donibane kaleko 4 zenbakian etxebizitza sustapen pribatu berri baten eraikitzea aurreikusten du, hain zuzen kultur bulegoen aldamenean dagoen etxean, egun dagoen eraikuntza bota eta bertan berria eraikiz. Aipatu aldaketa aurrera eramateko diktamena aho batez onartu zen.

Diktamen horrekin batera, kiroldegiko kudeaketa integralaren ekonomia eta finantza bideragarritasunaren txostenari loturikoa ere onartu zen. Izan ere, egungo kontratua jada iraungita dago eta udal gobernuak, aipatu instalazioen kudeaketa zerbitzua kontratatzeko prozesua jarri nahi du martxan. Horretarako, baina, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko legeari jarraiki, ezinbestekoa da aurretik zerbitzuen bideragarritasunaren azterketa egin eta onartzea. Gauzak horrela, atzoko osoko bilkuran onespena eman zion udalbatzak aipatu txostenari EAJ-PNVren eta alkatearen ohorezko botoekin eta horri esker, martxan jarri ahal izango da egungo kontratua berritzeko kiroldegiko zerbitzuen kudeaketaren esleipena. EH Bilduk aurka bozkatu zuen.

Amaitzeko, 2021ean udal langileen ordain sariak %0,9 igotzeko diktamena onartu zen, hau ere, aho batez. Adierazi beharra dago, igoera hori Estatuko Aurrekontu Orokorren irizpenari jarraiki egiten dela.

Mozioen atalean, halaber, EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari udalentzako ez-ohiko funtsa berezi gehigarria eskatzeko mozioa aurkeztu zuen, besteak beste, udal zerbitzuetan izandako galerei, zerbitzuak eta langileak telelanera egokitzeko gastuei edota herritarren larrialdi egoerei aurre egiteko. EAJK, baina, aurka egin zion horri eta ondorengoa argudiatu zuen: “Euskal erakundeen arteko finantzazio sistemaren oinarria ardura konpartitua da eta horri jarraiki Eusko Jaurlaritzak zein Aldundiek osasun krisiaren eraginez hainbat alorretan sortutako gastu gehigarriak bere gain hartu dituzten bezala, lekuz kanpo dago erabat, Udalak, bereak diren eskumenetan gastuak bere gain hartu eta gero, horiek ordaintzeko dirua bueltan eskatzea”. Mozioa, horrenbestez, ez zen onartua izan.

Bigarren mozioak, EH Bilduk aurkeztua ere, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema arreta-sare publiko antolatu gisa defendatzeari egiten zion erreferentzia. Kasu honetan, EAJk mozio alternatiboa aurkeztu zuen, ondorengo helburuekin: subsidiariotasun printzipioa politikoa publikoetan jartzearen aldeko jarrera azaltzea, adinekoen iraupen luzeko zainketen ereduan aurrera egitearen beharra defendatzea, kalitatezko Euskal gizarte zerbitzuen alde egitea eta demagogia eta gehiegikeriak alde batera utziz, zentzuko eztabaida eta aberri akordioak sustatzea, Covid-19ak ezarri dituen arreta-premia berrietara egokitzeko. Azken mozio hau izan zen udalbatzak onartu zuena.

Arloa edo saila