Lezoko taberna batek ateak itxi ditu COVID-19an positibo eman ostean

Tabernako jabea izan da PCR frogan emaitza positiboa jaso duena hornitzaile batekin kontaktuan egon ondoren.

Pertsona hori zein gertuko senitartekoak jada isolatuta daude, proba egitearen zain.

Udalak lasaitasun mezua helarazi die herritarrei eta orain arte bezala arduraz eta erantzunkidetasunez jokatzen jarraitzeko deia egin du.

Lezoko taberna batek ateak itxi ditu asteburu honetan bertako jabeak COVID-19aren frogan positibo eman duelako.

Ikusten denez, aipatu tabernaria hornitzaile batekin egon da kontaktuan eta harek positibo eman ostean, Lezoko tabernariari abisua eman zion. Honek, prebentzio gisa proba egin du eta emaitza positiboa jaso du.

Gauzak horrela, emaitza jaso ahala segurtasun protokoloa jarri da martxan, tabernak ateak itxi ditu eta bai tabernaria zein honen emaztea (negatiboa PCR proban) eta beren gertuko senitartekoak isolatuta daude proba egitearen zain. Inguruko taberna guztiak irekita mantendu dira horiek ez baitute kutsatutako hornitzailearekin ez eta tabernariarekin kontaktua izan.

Ildo horretan, Lezoko alkateak, Jesus Mari Martiarenak lasaitasun mezua helarazi die lezoarrei eta segurtasun protokoloa martxan eta egoera kontrolpean dagoela azpimarratu du. Edozein kasutan, orain arte bezala erantzunkidetasunez eta arduraz jokatzen jarraitzeko eskaera luzatu die herritarrei, musukoa erabiliaz eta urruntze soziala mantenduz. “Egungo errealitatea berria da guztiontzat eta guztiok ikasi behar dugu birus honekin elkarbizitzen. Tamalez, bidean horrelako kasuak gerta daitezke, horregatik ez dugu adi egoteari utzi behar eta segurtasun eta osasun neurriak errespetatzen jarraitu behar dugu: musukoa erabili, eskuak maiz garbitu eta urruntze soziala mantendu”, amaitu du alkateak.

Arloa edo saila