Lezoko Udalak hiru laguntza-lerro argitaratu ditu COVID-19ak sortutako krisi ekonomiko eta sozialari aurre egiteko

Or, 2020-06-26 14:23

Nekazaritza, abeltzaintza, merkataritza, ostalaritza eta pertsonentzako zerbitzuen sektoreetan euren kontura lan egiten duten pertsona, autonomo edota mikro-enpresentzat diru-laguntzak, tokiko kontsumoa bultzatzeko “Lezo Bonua” eta ekonomia suspertzeko diru-laguntzak dira Udalak eskaintzen dituen hiru laguntza lerroak.

Diru-laguntzen, aurkeztu beharreko dokumentazioaren edo bete beharreko baldintzen inguruko informazioa eskuragarri dago udal webgunean.

Konfinamenduak eta COVID-19aren birusak sortutako hiru hilabeteko osasun larrialdi egoerak gogor kolpatu du egungo gizartea eta bereziki ekonomia. Negozio askok bi hilabetez itxi behar izan dituzte ateak eta orain, hein handi batean, pandemiaren eboluzioaren edota gizartearen erantzuteko gaitasunaren menpe daude euren negozioak berriro suspertzeko.   

Horregatik, Lezoko Udalak, pertsonak izanik udal jardunaren lehentasun eta ardatz nagusia, koronabirusak eragindako krisialdi ekonomiko eta sozialari aurre egiteko hiru laguntza lerro argitaratu berri ditu. Horien helburu nagusia da COVID-19aren krisiagatik kaltetuak izan diren lezoar guztiei laguntza eskaintzea eta tokiko ekonomia suspertzea, modu horretara herritarren ongizatea eta bizi kalitatea bermatzen jarraitzeko.

Laguntzen, aurkeztu beharreko dokumentazioaren edota bete beharreko baldintzen inguruko informazio guztia eskuragarri dago hemen

  1. Nekazaritza, abeltzaintza, merkataritza, ostalaritza eta pertsonentzako zerbitzuen sektoreetan euren kontura lan egiten duten pertsona, autonomo edota mikro-enpresentzat diru-laguntzak

Nori dago zuzendua?

Lehen laguntza lerroa nekazaritza, abeltzaintza, merkataritza, ostalaritza eta pertsonentzako zerbitzuen sektoreetan euren kontura lan egiten duten pertsona, autonomo edota mikro-enpresei zuzenduta dago, hain zuzen, Covid-19ak eragindako osasun-krisiaren ondorioz, jarduerak etenak izan dituzten edo beren fakturazioa apirilean % 75 baino gehiago murriztu den pertsonei eta mikro-enpresei (2019ko urritik 2020ko martxorako seihilekoan hilekoan izandako batezbestekoarekin alderatuz gero).

Jarduera mantendu dutenen kasuan, laguntza hau eskatu ahal izango dute 2019ko urritik 2020ko martxorako seihilekoan hileko batezbestekoarekin alderatuz, beren fakturazioa apirilean % 50 eta % 75 bitartean murriztu zaienek.

Diru-laguntzaren zenbatekoa:

Lehen kasuan, hau da, jarduerak itxita edo apirilean beren fakturazioa %75 baino gehiago murriztu zaien pertsona edo mikro-enpresen kasuan, gehienez 1500 euroko diru-laguntza jaso ahal izango dute.

Jarduera eten ez baina fakturazioa apirilean % 50etik % 75era artean gutxitu zaienek, gehienez 750 euroko diru-laguntza jaso ahal izango dute.

Eskaerak:  

Eskabideak eta haien dokumentazioa Lezoko Udalera bidali beharko dira bere erregistro elektronikoaren bidez eta horretarako epea 15 egunekoa izango da iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

  1. “Lezo Bonua” tokiko kontsumoa bultzatzeko

Bonu horien helburu nagusia da Lezoko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektorean erosketa sustatzea, bertako langileei eta horien negozioei bultzada emateko.

Nola funtzionatzen du “Lezo Bonuak”?

Lezoko Udalak kanpainari atxikitako merkataritza-establezimenduetan erosketak egiteko diru-laguntzak emango ditu. Bonu horiek ordainketa medio gisa erabiliko dira kanpainara atxikitako establezimenduetan.

Horrela, bonuaren balioa 10 eurokoa izango da baina salmenta prezioa, aldiz, 7 eurokoa. Erosleak, beraz, 7 euro ordainduko ditu baina 10 euroko bonua jasoko du. Bonu bakoitzeko 3 euroko aldea Lezoko Udalak jarriko du.

Atxikitzeko epe eta baldintzak:  

"Lezo Bonua" programara zuzenean produktuak eta zerbitzuak saltzen dituzten Lezoko establezimenduak atxiki ahal izango dira. Horretarako epea 15 egunekoa izango da iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita. Eskabideak eta agiriak Lezoko Udalari aurkeztu beharko zaizkio, erregistro elektronikoaren bidez.

Non eskura daitezke “Lezo Bonuak”?

Bonuen salmenta establezimenduan bertan egingo da.

  1. Lezoko merkataritza eta ostalaritza suspertzeko diru-laguntzak

Azkenik, hirugarren laguntza-lerroa tokiko ekonomia suspertzera bideratuta dago, eta, horren baitan, diruz lagunduko dira merkataritza eta ostalaritza arloan COVID-19ak sortutako egoera eta errealitate berri horri aurre egiteko beharrezko inbertsioak, inbertsio horiek egiteko azterlanak edota ekipamenduen erosketa.

Izan ere, egungo krisiaren ondorioz, saltoki eta ostalaritza-negozio askok berrantolatu edota salmenta zein zerbitzu esparruak zabaldu zein murriztera behartuta ikusi dira.  Hori dela eta, Udalak laguntza eskaini nahi izan die egoera horretan dauden pertsonei, jarduera ekonomikoari eta enpleguari eutsi ahal izateko eta koronabirusaren ondorioei aurre egiteko.

Deialdi honetarako funtsak Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentutik datoz.

Diru-laguntzen zenbatekoa eta diruz lagunduko diren jarduerak:

Laguntzak finantzatzeko gehieneko kreditu eskuragarria 21.971 eurokoa da eta diruz lagunduko dira ondorengo jarduerak:

  • Lokalak eta laneko moduak egokitzea.
  • Segurtasun eta osasunaren irizpideak/protokoloak betetze aldera, merkataritza- edo ostalaritza-lokalak moldatzeko inbertsioak eta ekipamendua.
  • Bezeroekin eta erakunde hornitzaileekin harreman berriak antolatze aldera, laneko moduak egokitzeko inbertsioak eta ekipamenduak.

Era berean, diruz lagundutako jarduerak 2020ko martxoaren 14tik abenduaren 31ra artean egingo dira.

Eskaerak aurkezteko moduak eta epeak:

Aurreko kasuetan bezala, eskabideak eta agiriak Lezoko Udalari aurkeztu beharko zaizkio erregistro elektronikoaren bidez, eta horretarako epea 15 egunekoa izango da, iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Arloa edo saila