Santakrutzen atarian erantzukizun kolektiboari dei egiten dio Udalak

Covid-19ak eragindako egoera dela eta festen ospakizuna bertan behera gelditu den arren, jai egun horietan erantzunkidetasunez, arduraz eta errespetuz jokatzeko eskatzen du Udalak, 10 lagun baino gehiagoko jende pilaketa edota bilerak saihestuz eta indarrean dauden segurtasun neurriak errespetatuz eta beteaz.

Datorren asteburu honetan Lezo festa giroan murgilduko litzateke Santrakrutzak ospatzeko, baina Covid-19ak eragindako egoera dela eta, lezoarrentzat hain kuttunak diren jai hauek ez ospatzeko erabakia hartu zuten, erantzukizunez eta aho batez, jai batzordeak, ostalari eta merkatariek eta Udaleko talde guztiek, festen gainetik, noski, osasuna lehenetsiz.

Ildo horretan, jaien atarian, Lezoko Udalak erantzukizun kolektiboari dei egin dio eta arduraz eta errespetuz jokatzen jarraitzeko eskatzen die herritarrei, birusaren hedapena saihesteko eta osasun krisiari guztion artean aurre egiteko.

Horri jarraiki, festa egunetan ere jende pilaketak zein 10 lagunetik gorako bilerak ekiditea, segurtasun distantziak mantentzea eta indarrean dauden gainerako segurtasun eta osasun neurriak errespetatzen eta betetzen jarraitzea eskatzen die lezoarrei: musukoa jantzita eraman, eskuak maiz garbitu…

Une honetan garrantzitsuena osasuna dela azpimarratu du Udalak eta elkartasunean, errespetuz eta arduraz jokatuz egoera gainditzean Santakrutzez behar bezala gozatzeko aukera izango dela gehitu du.

Arloa edo saila