Lezoko emakumeen argazkien bila

Martxoak 8aren inguruan antolatu den ekimena da.

Lezoko hezkidetza mahaia osatzen duten eragileek (Berdintasun saila, osasun zentroa, Lezo institutua, Kuadrillategi, Pasaia-Lezo lizeoa, Herri Eskola, Haurtxokoa eta kale hezitzaileak) herriko emakumeei buruzko argazki erakusketa antolatu nahi dute, Martxoaren 8aren harira. Hain zuzen ere, beren ogibide (dendari, irakasle, euskaltzale, emagin, erizain, baserritar, kirolari, aktore, bertsozale, kantuzale…),  zaletasun, izaera edo bestelako arrazoiak tartean, herrian, garai batean ezagun izan ziren edo gaur egun, edozein arlotan nabarmentzen diren andreen erretratuekin osatu nahi dute erakusketa. 

Ekimenaren helburua, memoria historiko eta aitorpen ariketa bat egin eta emakumeek historian barrena, zein gaur egun herriaren bilakaeran betetako rol eta funtzio garrantzitsuak ikustaraztea da.

Hori dela eta, hezkidetza mahaitik dei egiten zaie herritarrei euren familiako emakumeen argazkiak bilatu eta udalaren eskura utz ditzaten, aipatutako erakusketa osatu ahal izateko. Esan beharrik ez dago, ondoren argazkiak bueltatuko zaiela euren jabeei.

Garai bateko zein gaur egungo argazkiak izan daitezke, eta udalean aurkeztu beharko dira otsailaren 14a arte, paperean edo eskaneatuta edo webguneko helbide honetan: https://udala.lezo.eus/martxoak-8

 Argazkiak

  • Argazkiak horizontalak zein bertikalak izan daitezke eta formatu digitalean (JPG edo PNG, 300ppp, pixel pulgadako) edo paperean aurkeztu ahal izango dira.
  • Argazkian agertzen diren emakumeen baimena ezinbestekoa da erakusketan parte hartzeko.
  • Ezinbestekoa da ere erretratatutako emakumeei buruzko informazio gehiena ematea:  izen-abizenak, bizitokia, seme-alabak eta horiek betetako rol, lanbide edo funtzioak, besteak beste. Baita argazkiak aurkeztatutako lagunaren edo egileen kontaktua jartzea ere: izen-abizenak, telefono zenbakia eta emaila.

Non eta nola aurkeztu argazkiak

  • Lezoko Udaleko webgunean.
  • Berdintasun Sailean: astelehen, asteazken eta ostegunetan (09.00-13.00).
  • Argazkiak otsailaren 14ra arte aurkeztu ahal izango dira.

Lan taldea

Argazkiak jaso, sailkatu, aukeratu eta erakusketan jartzeko prozesuan hezkidetzaren eta berdintasunaren esparruan diharduten lagunak arituko dira.

Argazkien erabilera

  • Jasotako argazkiak helburu bera duten eta herrian garatzen diren ekimenetan erabili ahal izango dira. Udalak eta herriko eragileek erabil ahal izango dituzte edozein formatu edo euskarritan, egilearen edo erretratatutako emakumearen baimena eskatu gabe.
  • Argazkiak Udalaren argazki artxiboan gordeko dira eta ekintza publikoetarako erabili ahal izango dira, beti ere egilearen eta erretratatutako emakumearen aipamena eginda.
  • Prozesu honetan parte hartzeak oinarriak onartzea dakar.
Arloa edo saila