Covid 19ak sortutako egoera dela eta, aurten ez dira santakrutzak ospatuko

Og, 2020-09-10 15:50

Hala erabaki dute, erantzukizunez eta aho batez, jai batzordeak, ostalari eta merkatariek eta udaleko talde guztiek. Helburua da birusari hedatzeko aukerarik ez ematea eta azken hilabeteetan birusaren aurka borrokan ari direnei elkartasuna adieraztea.

Bi aste eskas falta dira 2020ko santakrutzen hasiera izango zenerako, baina pandemiak sortutako egoera dela eta, aurten ez da posible izango lezoarrentzat hain kuttunak diren jai hauek ospatzea. Hala erabaki dute, erantzukizunez eta aho batez, jai batzordeak, ostalari eta merkatariek eta udaleko talde guztiek.

Joan den astean egin zen jai batzordearen bileran, ostalaritzako eta merkataritzako ordezkariek ere parte hartu zuten eta covid 19aren testuinguruan santakruz jaiak ospatzea komeni den ala ez aztertu zen. Jai batzordearen ustez, "Santakrutzak besarkadak dira, musuak, hain gertukoak ez diren pertsonekin harremana. Elkarrekin lan egiten duten lagun taldeak ere badira". Azken batean, distantzia sozialik eza dira, eta hori bateraezina da egungo egoerarekin. Jai batzordeak argi du herritar guztien osasuna dela lehentasuna, eta horregatik adostu du Lezoko ostalaritzarekin eta merkataritzarekin, bai eta udalbatzarekin ere, 2020ko santakrutzak ez ospatzea.
Bai jai batzordeak, bai udalbatzak, bai ostalaritzak eta merkataritzak beren partea hartu dute, guztiok dugun erantzukizun kolektiboaren barruan, birusaren hedapena saihesteko, eta lezoarrei dei egin diete modu berean jokatzeko eta borroka horretan laguntzeko, bai bertan behera utzitako 2020ko santakrutzetan, bai osasun-krisi hau gainditu arte beharrezkoa den denboran.

Udalbatzarrak bere esker ona adierazi nahi izan die bai jai batzordean parte hartzen duten guztiei, bai Lezoko elkarte eta ostalariei, urtero jaiak antolatzen egiten duten lanagatik, baita aurten jaiak bertan behera uztea erabakitzean erakutsitako erantzukizunagatik ere.