Lan arloak

Lezoko udalerrian finkatutako kultura politikak herritar aktiboak, ongizatea eta bizi kalitatea du helburu. Lezok, berdintasuna, hizkuntza, kultura eta sormena tresna bezala erabiliz, identitatearen ardatza osatzea “erabaki” du.

Lezo eremu naturala den heinean, pertsonak elkartzeko leku aparta ere bada. Lezok kultura eta sormena aterpetu behar du; izan ere, Kultura sailetik egiten dugun diagnostikoan bistakoak diren indargune nabariak ditu: kulturalki sortzaileak eta aktiboak diren pertsona ugari biltzen ditu alde batetik eta, bestetik, kultura-dinamismo handia erakusten du. Bestaldetik, kultura-sentsibilizazio eta parte-hartze handia nabari da antolatu ohi diren jarduera kasik denetan eta Jaizkibelen magalean egonik, kokapen pribilegiatua du ekimen kultural eta kreatiboetarako ─Trapujale eta Zabarre kasu, besteak beste─. Horrezaz gain, garrantzi eta bereizgarritasun handiko ekimenak ditu.

Gainera, kultura dinamizazio ekonomikoaren eta ekimen sustatzaileen erakarpenerako zutabe izan daitekeelakoan gaude. Izan ere, Europar Batasunak kultura eta sormenaren aldeko apustu argia egin zuen eta egun bere horretan dihardu, balore erantsia duen enplegua sortzeko garaian potentzial handia duen sektoreetako bat delako. Alabaina, kultura oso eremu intentsiboa da eta duen osagai kreatiboarengatik berrikuntzaren gainean duen inpaktua ere nabarmendu behar da.

Baliabide kulturalak udalerriaren garapen orekaturako gakoa bihurtzea da Kultura sailak duen estrategiaren eraginetako bat. Horretarako sektore kulturalean aintzat hartu beharko dira ekoizpen katearen elementu guztiak ─artista eta produktu kulturala bera, edizioa eta inprimaketa, digitalizazioa, komunikazioa...─; baita kulturarekin beste eremu batzuetan zerikusia dute ekimenak alor turistikoan eta komertzialean esate baterako. Beti ere udalerriaren irudi erakargarria ematen saiatuz, kanpoan udalaren irudi korporatiboa kultura-markari atxikitzen.

Finean, kultura eta garapen sozioekonomikoa bateratuko duen herria osatzen laguntzea da gurea, betiere, udalerrian diren pertsonen bizitzeko moduan eragin positiboa bilatuz. Ildo horretatik abiatuz, kulturaren sarbidearen gizarteratzea hobetzeko egingo du lan udalak; izan ere, herritarrak eta elkarteak kulturaren erdigunean kokatu nahi ditu gure kultur politikak herritarrek izaera sortzailea izan dezaten.

Sormen artistikoa finkatze aldera, berrikuntza dinamikoaren aldeko apustua egiten da proiektu kultural-artistikoetan. Lezoko herrian kultura-kalitatea hobera egiteko kontuan hartuko dira: ondare arkitektonikoaren balioa sustatzea, turismo kulturalaren garapena estimulatzea, udalerria zirkuitu kulturaletan uztartzea, trebakuntza artistiko bertan bilatzea eta sustatzea. Finean bertako zein kanpoko artista, konpainia eta taldeen buruetan eta ahotan izaera hau “txertatzea”…─.

Etengabeko formazio eta esku-hartzean inbertitzea. Bizitzan zehar etengabeki harramantzen eta ikasten dihardutenak dira gizarte hobeago baten oinarria. Ezagutzan murgilduta, Lezok pertsona guztientzako aukerak eskaini behar ditu eta ikaskuntza iraunkorraren kultura sustatu nahi du modu eraginkorrean, kulturarekiko jarrera aktiboak sortuz eta eskaerak sustatuz.

Kultur bizitzan gehiago eta hobeto trebatutako herritarrak dira gizarte berri baten hazia. Gaitasunak ez ezik konpetentziak ere badituztenak: sormena eta izaera kritikoa, esaterako.

Herritar aktiboak bultzatu. Lezoko udalaren kultura sailak ezagutza bultzatzeaz gain, prestakuntzarako, hedapenerako eta baloreen transmisiorako sistema ona bermatzea du eginkizun inportantea. Aldi berean, funtsezkoa da kultur jarduera gizarte-bazterketa saihesteko eta udalerrian maila aurrera begirako urratsak bermatzeko. Izan ere, udalerri integratzailea den aldetik, Lezok konpromisoa hartu du irekitasun eta tolerantzia handiagoa izateko. Horretarako elkar ezagutzea eta udalerriko kultura, balio eta xedeak etengabe elkarri hurbiltzea da lana, bizikidetza demokratikoaren eta herritarren erantzukizunen alde eginez

Eta horrekin batera, gure hizkuntza, Euskara. Gizarte osoarena izaki, pertsona guztiei dagokie eta kohesio sozialerako behar beharreko osagaia izanik, Lezoko udalak antolatutako kultur jardueretan ere izango da aldagai honen isla. Pertsonen jatorria eta kultura-atxikipena edozein direla ere, espazio publikoetan hizkuntza partekatu eta komuna bezala izango da lehenetsia euskara.

Eta hori guztia kontuan izanik, sailaren burubide garrantzitsuak honokoak dira:

  1. Lezoko izana eta izaera agertu eta indartuko duten ildoa planifikatzea, sustatzea eta egikaritzea: liburuak, ipuinak, fototeka eta memoria, ondarearen berreskurapena eta bilduma, emankizunak, jaiak …
  2. Antzerkia, dantza eta musikaren sorkuntza sutatzea ─azken hau Tomas Garbizu udal musika eskolarekin batera─. Eszenarekin loturik dauden jarduerak dira, baina eta Lezon “lan” hauetan ondo aski erroturik dauden taldeak daude. Talde hauek herrian indartzea ─azpiegitura eta baliabideak eskainiz eta aipatu jarduerak iraun dezaten, ekonomikoki lagundu hitzarmenen lan lerroa finkatuz─.
  3. Aldi berean, Euskal Herriko zein atzerriko kultur emanaldien produkzioak bertan programatzea, kanpoko eragileen joera eta lan berriak ezagutarazteko.
  4. Esku hartze zabalena eta orekatuen bultzatuko duten ekintzen bitartez, herriko jaietan diru-laguntzen lerroa eta izaera finkatu eta azpiegituraren kudeaketa egokia bideratzea.
  5. Arestian esandakoak egikaritzeko, prozedura administratibotan egin behar diren kudeaketak eta kultur eragile ororen lana erraztu eta hauen proposamenak zein sailaren aurrekontuak bideratu.