Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin dute Oarsoaldeko lau Udalek

  • 2019ko errenta aitortzeko epea zabaldu den honetan, Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako udalek dei egin diete Oarsoaldeko zergadun guztiei errenta aitorpena euskaraz egiteko eta, bidenabar, ogasunarekin harremana euskaraz izatera animatu dituzte herritarrak.

Errenta aitorpena euskaraz egiteko, Gipuzkoako Foru Ogasunetik bidalitako autolikidazio proposamena onartzeko orduan euskaraz egin dezakezu, baita aitorpena internetez edo modu mekanizatuan ogasunaren bulegoetan aurrez aurre egiten duzunean ere euskaraz egin nahi duzula hautatuz nahiz langileari adieraziz.

Errenta aitorpena euskaraz egitea urrats bat gehiago da ogasunarekin eta, azken batean, gure helburu izan behar duen administrazio publikoarekin harremana euskaraz izateko bidean. Euskararentzako garrantzitsua da zure aukera, zuri gauza gutxi iruditu arren. Zorionez, urtez urte gero eta gehiago dira errenta euskaraz egiten duten Oarsoaldeko herritarrak eta administrazio publikoekin euskaraz egitea erabakitzen duten herritarrak.

Errenta aitorpena euskaraz egiteak saria du

Oarsoaldeko lau udalek, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bitartez, bi lagunentzako otordu goxo bana zozkatuko dute herri bakoitzean errenta aitorpena euskaraz egiten duten zergadunen artean. Zozketan parte hartzeko hiru bide izango dira aukeran:

  • whatsapp bidez zabalduko den drive bateko formularioa betetzea
  • www.oarsoarrak.eus webeko formularioa betetzea edota,
  • covid-19 birusak eragindako alerta egoera eta etxeratze agindua amaitzean, leku publikoetan jarriko diren boletoak bete eta entregatzea.

Aurten ere egin beraz errenta aitorpena euskaraz! Agian saria ere eskuratu dezakezu eta!

Arloa edo saila