Errenta Aitorpena euskaraz egiteko kanpaina

Az, 2018-04-18 13:42

Herritarrek Errenta Aitorpena euskaraz egin dezaten sustatzeko, “Errenta Aitorpena Euskaraz” kanpaina jarri du martxan aurten ere Udalak. Urtetik urtera herritar gehiagok egiten du aitorpena euskaraz eta iaz lezoarren %18,7ak egin zuen era horretara

Lezoko Udalak, Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina martxan jarri du aurten ere. 2007tik Errenta Aitorpena euskaraz egiteko aukera dagoen arren, iazkoa izan zen lehen kanpaina, izan ere, Udalak aurretik ez zuen inoiz gaiaren inguruko antzeko kanpaina berezirik egin. Aurten ere, euskararen aldeko apustuan, Udalak publizitate kanpaina baten bitartez herritarrak errenta aitorpena euskaraz egitera animatu nahi izan ditu.

Azken urteotan, errenta aitorpena euskaraz egin duten herritarren kopuruak gora egin du. Halere, azken urteetako emaitzak hobetzeko helburuarekin bultzada berezia eman nahi izan zaio aitorpena euskaraz egiteari, eta horren adierazle dira iazko zein aurtengo kanpainak.

Duela bi urte, 2015eko errenta aitorpena herritarren %17,8ak egin zuen euskaraz eta iaz 2016koa, euskaraz egiteko lehen kanpainaren ostean, %18,7ak egin zuen euskaraz. Gauzak horrela, aitorpena euskaraz egiten duten herritarren kopurua urtetik urtera handitzen jarraitzea espero du Udalak.

Aitorpena euskaraz egiteko interesa dutenek, hiru bide dituzte aitorpena egiteko: autolikidazio proposamena, mekanizatua eta internet bidezkoa. Edozein kasutan, edozein bide erabilita ere euskaraz egiteko aukera egongo da.

Zer egin Errenta Aitorpena euskaraz egiteko?

Autolikidazio proposamena

Elebitan jasoko dira proposamena eta gutuna, eta, onartzerakoan, informazioa euskaraz jaso nahi dela adierazi beharko da. Era horretan, aurrerantzean bidaliko diren behin betiko deklarazio guztiak euskaraz jasoko dira.

Mekanizatua

Haziendako bulegoan hitzordua eskatzerako orduan, Haziendarekin harremanak euskaraz izan nahi direla, eta aitorpena egitera joatean, agiria euskaraz jaso nahi dela adierazi beharko da.

Internet bidezkoa

Aholkularitza zerbitzura joatean, espresuki adierazi beharko da aitorpena euskaraz egin nahi dela. Errenta programa Interneten bidez jaitsi bada, berriz, euskarazkoa aukeratu beharko da.

Aipatu modura, Lezoko Udalak herritarrak aitorpena euskaraz egitera animatzen ditu guztion artean euskarari bultzada eta indarra eman diezaiogun. Behin kanpaina amaituta, Foru Aldundiak euskaraz zein gazteleraz egin diren Errenta Aitorpenen kopuruak kaleratuko ditu.

Arloa edo saila