Errenta Aitorpena euskaraz egiteko kanpaina

Or, 2017-05-12 10:35

Herritarrek Errenta Aitorpena euskaraz egin dezaten sustatzeko, “Errenta Aitorpena Euskaraz” kanpaina jarri du martxan lehen aldiz Udalak

Lezoko Udalak, Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina martxan jarri du lehen aldiz. 2007tik Errenta Aitorpena euskaraz egiteko aukera dagoen arren, orain artean, Udalak, ez du kanpaina berezirik abiarazi. Aurten berriz, euskararen aldeko apustuan eta euskal kultura indartzeko helburuarekin, Udalak publizitate kanpaina baten bitartez herritarrak errenta aitorpena euskaraz egitera animatu nahi izan ditu. 

Azken urteotan, errenta aitorpena euskaraz egin duten herritarren kopuruak gora egin du, baina bultzada berezia eman nahi izan zaio Udaletik aurtengo Errenta Aitorpen kanpainari, joan den urteko emaitzak hobetzeko helburuarekin.

Aitorpena euskaraz egiteko interesa dutenek, hiru bide dituzte aitorpena egiteko: autolikidazio proposamena, mekanizatua eta internet bidezkoa. Edozein kasutan, edozein bide erabilita ere euskaraz egiteko aukera egongo da.

Zer egin Errenta Aitorpena euskaraz egiteko?

Autolikidazio proposamena

Ele biz jasoko dira proposamena eta gutuna, eta, onartzerakoan, informazioa euskaraz jaso nahi dela esan beharko da. Era horretan, aurrerantzean bidaliko diren behin betiko deklarazio guztiak euskaraz jasoko dira.

Mekanizatua

Haziendako bulegoan hitzordua eskatzerako orduan, Haziendarekin harremanak euskaraz izan nahi direla, eta aitorpena egitera joatean, agiria euskaraz jaso nahi dela adierazi beharko da.

Internet bidezkoa

Aholkularitza zerbitzura joatean, espresuki adierazi beharko da aitorpena euskaraz egin nahi dela. Errenta programa Interneten bidez jaitsi bada, berriz, euskarazkoa aukeratu beharko da.

Aipatu modura, Lezoko Udalak herritarrak aitorpena euskaraz egitera animatzen ditu guztion artean euskarari bultzada eta indarra eman diezaiogun. Behin kanpaina amaituta, Foru Aldundiak euskaraz zein gazteleraz egin diren Errenta Aitorpenen kopuruak kaleratuko ditu.

(Irudia: Oarsobidasoako Hitza)
 

Arloa edo saila