Udalerri euskaldunetako gazteentzako SALTO! Udaleku ibiltariak antolatu ditu aurten ere UEMAk. Bi txanda izango dira: ekainaren 22tik 30era, eta uztailaren 2tik 10era. Martxoaren 31n amaituko da izen-emateko epea.
Bederatzi egunetan Baliarrain-Zaldibia-Ataun-Idiazabal ibilbidea egingo dute oinez. 2007 eta 2010 urteen artean jaiotakoek hartu ahal izango dute parte, 60 gazterentzan egongo da lekua txanda bakoitzean. Aurten ere bi txanda antolatu dituzte: bata ekainaren 22tik 30era eta bestea uztailaren 2tik 10era. Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta saretzea da udalekuen helburua.
Izen-ematea irekia egongo da martxoaren 31era arte eta UEMAren webgunean egin behar da.
UEMA (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) azken urteotan euskararen arnasguneei eta udalerri euskaldunei buruzko Hedatu hezkuntza proiektuan aritu da lanean hezkuntzako ziklo guztietako ikasle, irakasle eta gurasoekin batera. Proiektu honen helburua gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusaraztea eta udalerri euskaldunak eta arnasguneak giltzarriak direla nabarmentzea da. Horretarako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatu ditu UEMAk Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.
Proiektuaren barruan kokatzen dira SALTO! Udaleku ibiltariak. Udalerri euskaldunetako gazteak saretzeko aukera dira udalekuak. Bederatzi egunez Tolosaldea eta Goierritik barrena, euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa emateko helburuarekin, aisialdia eta euskal kultura uztartuko dituen ekimenaz gozatuko dute.