Euskarak lankide nahi eta behar gaitu, urtean 365 egunez

Or, 2017-12-01 10:19

Udaleko talde politiko guztiek aho batez onartu dute Euskararen Nazioarteko Egunaren aldeko adierazpen instituzionala

Igandean, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da eta horren harira, Lezoko Udalak EAEko Herri Administrazioek adostutako eta EAJ-PNVk atzoko plenoan aurkeztutako Adierazpen Instituzionalarekin bat egin du.

Euskara urtean egun batez dugu ospakizunerako gai, eta 365 egunez langai. Elkarlanerako gai. Adostasunerako gai. Eta ospakizun eguna baliatu nahi dugu, hain zuzen, ilusioaren hauspoa haize berriz betetzeko. Indar berriez sendotzeko denon eginahala. Hori behar baitu euskarak, hori behar baitugu euskara guztion ezpainetan, kaleetan, etxeetan, ziberespazioan, lantokietan, pantailetan, paperetan nahi dugunok: ilusioa. Eta elkarlana. Auzolana.

Ugari izan dira eta dira han-hemengo herritarrek euskara eskuratzeko eta lantzeko egindako ahaleginak. Hor dugu euskarak elikagai ezinbestekoa duen euskaldun berri andana itzela. Hor ditugu seme-alabak euskaraz ikas dezaten nahi izan duten guraso erdaldunak. Hor ditugu dakiten euskara ezpainetan dantzatzen ahalegintzen direnak…

Zenbat halako azken hamarkadotan: zenbat ahalegin pertsonal zein kolektibo, publiko zein herri ekimenekoak. Horiei guztiei zor diegu euskarak bizi duen errealitatea.

Orain, eta hemendik aurrerako urteetan, euskararen erabilera etengabe eta bizi-bizi areagotzea dugu langintza nagusi, ezagutzaren handitzearekin batera euskararen aldeko hizkuntza ohituren aldaketa sakona gauzatu dadin. Mingainak dantzan jartzeko premia dugu, eta, bistan denez, mundu aldakor honetan, kantu eta kontu berriak behar ditugu horretarako.

Euskal hiztun bakar batek nekez aldatuko ditu hizkuntza ohiturak, gizartearen babesik izan ezean.

Hizkuntza ohiturak aldatzeko bide luzean, euskararen aldeko gehiengo soziala aktibatu behar da: euskararen lurralde guztietako administrazioak zein herri ekimena. Lurralde eta eremu guztietako erakundeak. Gizarte ekimeneko euskalgintzako taldeak zein bestelako esparruetakoak. Euskaldun osoak, euskaldun hartzaileak eta erdaldunak.

Malgutasunez. Herri bakoitzaren errealitatera egokituz. Tokiko eragileekin urratsak adostuz. Parte hartzaile guztiak ahaldunduz.

Euskaltzaletasunaren sua indartuz hala Angelun nola Andoainen, Barkoxen zein Barakaldon, Eltziegon eta Erronkarin.

Euskararen Eguneko gure konpromisoa, datozen 365 egunotan izan dadin lan egitea. Auzolanean lankide zintzo.

Euskara auzolana baita.

Arloa edo saila