Datu esanguratsuenari erreparatuz, 2016tik hona euskararen erabilera jaitsi egin da Lezoko kaleetan.
Horri lotuta, Udalak, gure hizkuntzaren aldeko apustua berretsi du eta euskararen erabilera bultzatzeko bideak jorratzen jarraituko duela adierazi du.
Soziolinguistika Kluserrak bi urtean behin Euskal Herriko zenbait herritako euskararen kale erabilera maila neurtzen du, tartean Lezokoa. Neurketa horien bidez Lezoko kaleetan lezoarrek erabiltzen duten hizkuntza neurtzen da eta neurketak, halaber, herriko hizkuntza errealitatea eta horren bilakaera ezagutzea ahalbidetzen du.
Horiek horrela, Lezoko Udalak argitaratu berri ditu webgunean 2019ari dagozkion kale neurketa datuak. Aipatu ikerketa urtarrilaren 23tik otsailaren 6a bitartean eginikoa da eta bertan jasotakoari jarraiki, azken bi urteotan jaitsi egin da euskararen erabilera herriko kaleetan.
Jaitsiera , hain zuzen, 3.9 puntukoa izan da, eta adin tarteari erreparatzen badiogu, bereziki 15 eta 24 urte bitarteko gazteen artean jaitsi da euskararen erabilera kalean. Haurren kasuan, aldiz, 2 eta 14 urte bitartean, 3.1 puntutan igo da.
“Emaitzak ez dira nahi bezain onak izan eta oraindik lan asko dago egiteke gure hizkuntzaren erabilera areagotzen jarraitzeko”, adierazi dute udal ordezkariek. Ildo horretan, Udaletik euskararen alde egiten den apustua berretsi eta euskara eta hizkuntzaren erabilera indartzeko bideak jorratzen jarraituko dutela adierazi dute ordezkariek.
“Udaletik lanean jarraituko dugu euskara hizkuntza nagusia izan dadin, ez kalean soilik, baita gainerako esparru guztietan ere”, gehitu dute udal ordezkariek.
Amaitzeko, herritarrak ere hizkuntza indartzeko bidean Udalarekin bat egin eta euskaraz dakitenei hitz egiten jarraitzera eta ez dakitenei hizkuntza ikastera animatu ditu Udalak.
Txosten osoa ikusgai hemen