”Euskararen paparazziek” saria jaso dute

Al, 2018-05-07 10:42

Alazne Etxeberriak eta Irati Odriozolak irabazi dute aurten argazki lehiaketako lehen saria

Ostegunean banatu ziren Oiartzungo Kastro Berri kafetegian Euskararen paparazziak lehiaketaren 2. edizioko sariak. Epaimahaiaren erabakiz, Alazne Etxeberria eta Irati Odriozolak jaso dute lehen saria eta bigarren saria, berriz, Pablo Rodriguezek.

400 eta 200 euroko txartelak irabazi dituzte Oarsoaldeko saltokietan gastatzeko ekainaren 15era bitartean. 42 argazki- lan aurkeztu dira lehiaketara.

Aurtengo edizioan Oskar Zapirain, Gurutze Susperregi eta Ander Etxebeste argazkilariek osatu dute lehiaketaren epaimahaia eta originaltasuna eta argazkien kalitatea baloratu dute.

Oarsoaldeko Euskara Batzordeak bigarren aldiz antolatu du Euskararen paparazziak argazki lehiaketa, merkataritzan eta ostalaritzan euskararen normalizazioa sustatzen jarraitzeko helburuarekin, jakinarazi du Jose Angel Sanchezek, Oarsoaldea Garapen Agentziako lehendakariak. Horregatik, parte-hartzaileak Oarsoaldeko saltokietan ikusgai eta euskaraz dauden errotuluei, kartelei edo bestelako idatziei argazkiak atera dizkiete.

Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete lehiaketan parte hartu duten argazki zale guztiei.

Arloa edo saila