Abuztuaren 15 eta 16an Gaintxurizketako San Roke jaiak ospatu dituzte Antxillastegin. Giro ederra eta jende andana bildu zen Gaintxurizketan.
Aurten Antxillastegin ospatu dira Gaintxurizketako jaiak. Gunea auzolanean eta Lezoko Udalaren laguntzarekin egokitu dute Gaintxurizketako bizilagunek. Aurretik biltegi edo haztegi izandako lokala txukundu eta eraberritu dute auzotarren elkargune bihurtzeko asmotan. Lokala ez ezik, kanpokalde guztia ere garbitu eta egokitu dute, aparkalekua, bidea eta inguru guztia txukundu dute auzolanean.
Ostiral arratsaldean hasi ziren Antxillastegi girotzen suziri eta buruhandiekin. Bertan afaldu zuten auzotar askok ondoren, eta truk txapelketarekin amaitu zuten lehen eguna.
Larunbatean goizetik hasi ziren ekitaldiak, toka, herri kirolak, jolasak, musika eta giro aparta izan ziren nagusi egunean zehar. Auzo bazkarira ere jende asko joan zen, Antxillastegi bete zuten lezoarrek.
Asteburu osoan zehar festa giroa, euskara, umore ona eta elkartzeko gogoa izan ziren protagonista. Gora Gaintxurizketako jaiak!