Lezoko alkate Mikel Arrutik eta Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko (GFEO) presidente Miguel Angel Gastelurrutiak lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur goizean, Lezok farmaziarekin lotutako bi programa espezifikorekin bat egiteko. Akordioak sinatzeko ekitaldira Eusko Jaurlaritzako Farmaziako zuzendari Jon Iñaki Betolaza bertaratu da. Bi programa horien bidez, batetik, medikazioaren erabilera eta tratamenduekiko atxikidura hobetu nahi dira, eta, bestetik, gizarte-zerbitzuekin lankidetzan behar soziosanitarioko egoerak detektatzeko farmaziek ‘radar’ gisa betetzen duten rol soziala aprobetxatu nahi da.
Hala, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta GFEOk bultzatuta, sendagaien erabilera hobetzeko programaren helburua da Etxeko Laguntza Zerbitzuetako (ELZ) erabiltzaileentzat eta familia-inguruneko zaintzarako prestazio ekonomikoa jasotzen dutenentzat sendagaietarako sarbidea erraztea, eta zerbitzu horien erabiltzaileek sendagaien erabilera hobetzea, baita tratamenduekiko atxikidura ere. Horretarako, Lezoko farmaziak zaintzaile nagusiarekin edo etxeko laguntzailearekin elkarlanean arituko dira sendagaiak erosi, kontserbatu eta emateko.
Udaleko gizarte-zerbitzuek programaren eta bere funtzionamendu-baldintzen berri emango diete baliatzaile izan daitezkeen pertsonei. Baimena eman ondoren, zerbitzua emango dien farmazia aukeratuko dute. Hasierako elkarrizketa baten ondoren, farmazialariak astean behin edo hamabostean behin prestatu eta entregatuko ditu botikak, dagokion informazioarekin, eta dosifikazio-sistema pertsonalizatuen bidez.
Programak egiaztatu duenez, erabiltzaileen osasuna hobetzen laguntzen du eta lagungarria da familia eta zaintzaileentzat ere. Izan ere Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak finantzatutako programa honetan, Lezorekin 59 dira parte hartzen duten Gipuzkoako udalerriak; urte honetarako lurraldeak 160.000€-ko aurrekontua izan du. Agerikoa izan da proiektuak izan duen eragin positiboa.
FARMAZIAK, BEHAR SOZIOSANITARIOAK DETEKTATZEKO “RADAR” GISA
Gainera, maiatzaren 6an GFEOk eta EUDELek akordio bat sinatu ondoren, Lezoko Udalak bat egin du gaur herriko bi farmaziak udaleko gizarte zerbitzuekin lankidetzan aritzeko ekimenarekin, behar soziosanitarioko egoerak detektatzeko “radar” gisa jardunez.
Sinatutako akordioak detektatu daitezkeen hainbat egoera jasotzen ditu, eta, horien aurrean, lehenik eta behin, farmazia komunitarioak pertsonei informazioa eman eta dagozkien gizarte zerbitzuetara jotzera animatuko ditu; edo, bestela, farmaziatik hitzordua eskatuko da edo zuzenean jarriko da harremanetan udaleko gizarte-zerbitzuekin, betiere erabiltzailearen aldez aurreko baimena izanda.
Programak honako egoera hauek aurreikusten ditu: bakardadea, autonomia pertsonalaren galera edo mendekotasun-arriskua, familia zaintzaileen gainkarga eta amore ematea, indarkeria matxista edo familia barruko indarkeria, adinekoei tratu desegokia edo tratu txarra ematea, bai eta gizarte zerbitzuek aztertu eta esku hartu behar dutela uste den beste egoera batzuk ere.
FARMAZIAK OSASUN-ERAGILE GISA
Akordio banaren sinaduraren ondoren, Lezoko alkate Mikel Arrutik azpimarratu duenez, oso positiboa da Lezorentzat eta lezoarrentzat, “egunero farmazietara bertaratzen diren pertsonek konfiantzazko pertsonak topatzen dituzte haietan, eta espazio horiek, zerbitzu bat eskaintzeaz gain, pertsonak zaintzen dituzte, egoera kalteberenetan dauden pertsonen ongizatea bermatzen dute, eta babes-sare bat osatzen dute. Horregatik, oso positiboa da hainbat esparrutako eragile eta erakundeekin lankidetzan aritzea lezoarren ongizaterako. Lezoko farmazietan hitzarmen honetan jasotzen diren onurak aplikatu ahal izatea pozgarria da”.
Bestalde, Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko presidente Miguel Angel Gastelurrutiak eskerrak eman dizkie Gipuzkoako Udaleko arduradunei farmazietan jarritako konfiantzagatik, udaleko gizarte-zerbitzuen “aliatu” gisa, eta lankidetza horren garrantzia azpimarratu du, “lezoarren osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko, hori baita bi programetan parte hartzen dugun erakunde guztiok mugitzen gaituen helburua”.
Eusko Jaurlaritzako Farmaziako zuzendari Jon Iñaki Betolazak adierazi duenez, etxeko laguntza-zerbitzuek eta gizarte-zerbitzuek artatzen dituzten pertsonetan sendagaien erabilera hobetzeko ekimen honek “gobernu honen kudeaketa-ereduari erantzuten dio: pertsona ekintzaren erdigunean jartzea eta lankidetzan jardutea haren beharrei erantzuteko eta bizi-kalitatea hobetzeko”. Ildo horretan, farmaziak lankide izatearen garrantzia azpimarratu du, “osasun-eragile gisa egiten duten lana sustatzen dugu”, adierazi du.