ALTAMIRAKO SANEAMENDU-SISTEMA BERRITZEKO LANEN BIGARREN FASEA AMAITU DA

Al, 2026-06-08 13:44

Altamirako saneamendu-sarea eraldatzeko lanen bigarren fasea amaitu da. Tomas Garbizu kaleko azken lanak izan dira, auzoko saneamendu sistema osoa berritzeko proiektuaren baitan, kalearen goikaldean azken asteetan burutu dituztenak.

Altamira auzoko saneamendu-sarea berritzeko proiektua aurreikusita zegoen epeetan gauzatzen ari da; bigarren fasea amaitu berri dute. Tomas Garbizu kalearen goikaldean sare separatiboa osatzeko beharrezko azpiegitura berriak instalatu dituzte eta lehenengo fasean egindako lanekin konektatu.

Saneamendu-sarea berritzeko lanak urtarrila amaieran hasi ziren, auzoa eraiki zenetik euri-urak eta ur zikinak bereizi gabe isurtzen ziren badiara. Lezoko Udalak eta Añarbeko Uren Mankomunitateak lankidetza hitzarmena sinatu zuten eta hitzarmen horren barruan jasotzen zen sare unitarioa sistema separatibo bihurtzea, uraren kudeaketa eraginkorragoa eta ingurumenaren babesa bermatzeko. Apirila amaieran lehen faseko obrak amaitu zituzten eta amaitu berri dituzte bigarren faseko lanak. Horrela, Tomas Garbizu kalean egin beharreko lan handienak amaitu dituzte.

Hirugarren eta azken fasea Altzate igerilekutik portura doan tartean gauzatzen ari dira dagoeneko. Orain arte egindako lanekin lotu eta sistema separatibo berria guztiz osatzeko lanak egiten ari dira. 

Proiektu honen helburua saneamendu-sare osoa bikoiztea da, euri-urak eta ur fekalak bereizteko. Dagoeneko auzoan zegoen sareak euri-urak bideratuko ditu, eta eraikitzen ari diren sare berriak ur fekalak jasoko ditu, beharrezko maldak eta baldintza teknikoak bermatuta. Eraldaketa honi esker, itsaso eta ibaietara iristen diren isurketen kutsadura murriztuko da, eta araztegian tratatu beharreko urak gutxituko dira. Horrek tratamendu-sistemaren eraginkortasuna handituko du eta ingurumenaren zaintzan aurrerapauso garrantzitsua ekarriko du.

Azkenik, hedadura handiko lanak dira eta obren bitartean erakutsitako ulermenagatik eta lankidetzagatik Lezoko Udalak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei, eta gogorarazi du azpiegitura hauek funtsezkoak direla etorkizun jasangarriago bat eraikitzeko, ingurumena eguneroko baliabide eta jarrerak hobetuz ere zaintzen dugu.