Dagoeneko martxan da Ijurko auzoko igogailu berria

Aipatu igogailuak Aralar eta Auñamendi kaleak lotzen ditu, eremuko irisgarritasuna nabarmen hobetuz.

Era berean, eraiki berri den igogailuak Irisgarritasun Plan Bertikalean jasotakoari jarraipena ematen dio eta helburu du Lezo herri atseginagoa eta herritar guztiei egokitutakoa bilakatzea.

Lau hilabeteko lanen ostean, gaur bertan zabaldu eta martxan jarri da Ijurko auzoko igogailu berria. Osasun krisialdia dela eta, ez da inaugurazio ekitaldi berezirik egin baina bai bertaratu dira Udaleko hainbat ordezkari politiko eta tekniko, horien artean Lezoko alkatea, Jesus Mari Martiarena, gobernu taldeko hainbat zinegotzi eta EH Bilduko ordezkariak ere. Eusko Jaurlaritzatik ere, Pablo Garcia Etxebizitza Zuzendaria ere gerturatu da Lezora.

Auñamendi eta Aralar kalea lotzen dituen igogailu honen eraikuntza lanak 2020ko irailean ekin zioten. Helburua argia zen: eremuko irisgarritasuna hobetzea eta Lezo herri atseginagoa eta herritar guztiei egokitutakoa eraikitzeko bidean urratsak egiten jarraitzea.

Izan ere, udal gobernuaren lehentasunetako bat da, lehen egunetik, herriko irisgarritasuna hobetzearen alde lan egitea, Lezon bizi diren herritarren bizi kalitatearen, mugikortasunaren eta ongizatearen mesedetan.

Ildo horretan, azken urteetan hainbat lan egin ditu Udalak herriko muga arkitektonikoak ezabatu eta Lezo irisgarriagoa egiteko, esanguratsuenetarikoa Altamirako igogailua 2019an. Aipatu hori Irisgarritasun Planaren osagarria den Irisgarritasun Plan Bertikalean jasoa dago eta herriko lehen igogailua izan zen, baina ez azkena, Ijurkokoa bilakatu berri baita herriko bigarren igogailuan.

 Igogailuaren nondik-norakoak

Esan bezala, igogailu berriak Aralar eta Auñamendi kaleen artean dagoen desnibelari erantzuna ematen dio eta eremua herritar ororentzat irisgarria bilakatu du.

Aralar kalean du sarrera eta horrez gain beste bi geldiune ditu: Auñamendi 5,7 eta 9 zenbakiek duten terraza publikoan lehena eta kale bereko 9. zenbakiaren goialdean bigarrena. Noski, sarreran zein beste bi geldiunetan irisgarritasuna bermatua dago.