Irisgarritasuna hobetzeko lanak egin ditu Udalak labadero inguruan

Ar, 2020-08-11 12:47

Besteak beste, Auñamendiko eskailerak konpondu eta eremu guztia lotzeko malda bat eraiki du. Horrez gain, zebrabide altxatua ere eraiki du Auñamendi 2 eta Saldise plazaren artean.

Helburua da pixkanaka herriko oztopo arkitektonikoak kendu eta lezoar guztiei egokitutako herri atsegin eta irisgarriagoa eraikitzea.

Joan den legealdian abiatutako herri proiektuari jarraipena emanez, pertsonak ardatz hartuta, herriko irisgarritasuna hobetzea da udal gobernuaren lan ardatz nagusietako bat, modu horretara, Lezo herritar guztiei egokitutako herria izan dadin.

Ildo horretan, herriko barrera arkitektonikoak kendu eta irisgarritasuna bermatzeko hainbat eta hainbat lan burutu ditu eta horien artean, berriki Auñamendi kalean, hain zuzen labadero inguruko eremuan, irisgarritasuna hobetzeko lanak egin ditu.

Esate baterako, bertan zeuden eskailerak konpondu ditu, horiek jada apurtuta, hondoratuta eta egoera txarrean baitzeuden. Era berean, baranda berriak jarri ditu eta horrez gain, Auñamendi kaleko eremu guztia lotzeko malda bat ere eraiki du, horrela, ikastolara doazen haurren zein gainerako oinezko guztien irisgarritasuna hobetuz. Era berean, Auñamendi 2 eta Saldise plazaren artean zebra-bide altxatua jarri du.

Lan horien bitartez, aipatu eremuan oinezkoak eta horien irisgarritasuna lehenetsi nahi izan du Udalak, oztopo arkitektonikoak kenduz eta espazioa irisgarri eginez. 

Horrez gain, datozen asteotan labaderoa garbitzeko lanei ere ekingo die Udalak, egindako hobekuntzak biribiltzeko eta, noski, herri-ondarea txukun eta garbi mantentzeko.