Lezoko udalak Aralar parkea eta Jaizkibel hiribidearen arteko eremua sasiz garbitu eta mimosak kendu ditu

Or, 2024-03-22 13:04

Garbiketa egiteko beharrarekin, sasituta zegoen eta gehiegi ugaldutako mimosak eremu guztia hartzen ari ziren, bertan landatutako gereziondo eta beste espezie batzuei lekua kenduz.

Mimosa (Acacia dealbata) jatorriz Australia eta Tasmaniako zuhaitza da, espezie inbaditzaileen katalogoan dago sartuta, bere salmenta debekatua dagoelarik. Izaera inbaditzaile handia du eta kalte esanguratsuak eragin ditzake bertako landaretzan. Populazio trinkoak landaredi naturalarekin lehiatzen dira eta bertako floraren ernetzea eta hazkuntza mugatzen duten substantzia toxikoak sortzen dituzte. Horretaz gain mimosaren adarrak hauskorrak dira, eta errepidearen oso gainean egonda, arrisku hori ekidin nahi izan da.

Kendutako landaretza bertako zuhaitz eta zuhaixkak landatuz ordezkatuko da, eremua berreskuratzeko asmoz.

Egindako garbiketari esker bertan urtetan pilatutako hondakinak jaso ahal izan dira, eta eremua txukun mantendu ahal izango da.