LEZOKO UDALEKO BRIGADAK BI LANGILE BERRI DITU

Ar, 2025-07-22 13:29

Lezoko Udalak brigadako langileen kopurua handitu ahal izan du, bi pertsona gehiago kontratatuta. 

Brigada herriko mantenu eta konponketa lanak egiteaz arduratzen da. Argiteri sarearen eta ur eta estolderia sarearen mantenua egiten dute bai eta konpontze lanak ere bai, herriko altzarien eta instalazioen bai eta jai eta ekitaldietako azpiegiturak eta materialak prestatu eta muntatzen dituzte, besteak beste.

Herriaren eguneroko mantenu lanak gero eta gehiago dira, eta gero eta behar gehiago hautematen dituzte herritarrek. Horiei konponbidea emateko, brigada taldea handitzea beharrezkoa zen. Taldea handitzeko modua bilatu du Udalak eta bi pertsona kontratatu ahal izan ditu 2025eko lehenengo seihilekoan zehar.

Zaintzak ere ingurumena, herriko azpiegiturak eta bizi garen kaleak zaintzea barnebiltzen du. Hori dela eta, lezoarrek herri zaindua mantentzeko egiten duten esfortzua azpimarratu arren, udalak ere baliabideak kudeatu eta lehentasunen artean jarri nahi izan du herria zaintzea. 

Mikel Arruti Lezoko alkateak adierazi duenez, “udalaren baliabideak zein diren kontuan hartuta, brigada bezalako lan talde bat handitzea ahalegin ekonomiko handia da, baina beharrezkotzat dugu herriaren mantenu lanak egonkortu eta baliabideak horri eskaintzea. Herritarrek pasatzen dituzten abisuei esker ere kasu asko larriegiak izan aurretik konpon ditzakegu eta horrek ere zerbitzua errazten du”.