Hondakin bilketa sistema berriari buruzko informazio kanpaina Altamiran

Al, 2017-01-30 14:42

Informazio kartelak jarri dira auzoko gune ezberdinetan eta esku orri bat banatuda sistema berriaren nondik norakoak azaltzeko eta herritarrak gaika ondo sailkatzera animatzeko, orain arteko emaitzak mantendu edota hobetu daitezen. Sistema berria herritarrentzat erosoagoa dela azpimarratu du Udalak, batik bat egunero eta nahi duten orduan atera ahal izango dituztelako hondakinak edukiontzietara.

Duela aste gutxi edukiontzien bidezko hondakin bilketa sistema berriaren esperientzia pilotua jarri zen martxan Altamirako auzoan. Aldaketa aurrera eraman aurretik, ordea, bilera bat egin zuen Udalak auzotarrekin sistema berriaren nondik norakoak partekatu eta hondakinak gaika ondo sailkatzera animatzeko.

Horiek horrela, hainbat informazio kartel jarri ditu Udalak auzoko gune ezberdinetan eta esku orri bat  ere banatu da sistema berriari buruzko informazioarekin. Informazio kanpaina honen bidez, Altamirako bizilagunak edukiontzi sistema berria modu egokian erabiltzera animatu dituzte egungo bilketa datuak mantendu edo hobetzea lortzeko.

“Gai bakoitza bere edukiontzian“ informazio kanpaina honek helburu du auzotarrak sentsibilizatzea, izan ere, “guztion ardura da gaikako bilketa egokia egitea gaikako bilketa tasak hobetzeko”. Horretarako, sistema berria lezoarren behar eta ohituretara egokitu da, hondakinak gaika sailkatzea eta birziklatzea errazagoa eta erosoagoa izan dadin herritarrentzat. Gauzak horrela, aldaketaren helburu nagusia egungo sistema hobetzea eta herritarrei erraztasunak eskaintzea da gaikako bilketa datuak hobetzeko.

Jesus Mari Martiarena alkatea buru duen gobernu taldeak sistema berriarekin birziklatzea erosoagoa eta errazagoa dela azpimarratu du eta herritarrengan konfiantza osoa duela berretsi du. “Ziur gaude lezoarrek aldaketaren aurrean ondo erantzungo dutela eta edukiontzi sistema modu egokian erabiliko dutela; zaborrak egunero atera ahal izango dituzte eta beraz, herritarrentzat sistema erosoagoa izateaz gain, sistema garbiagoa eta ekonomikoki jasangarriagoa da” gaineratu du alkateak. Honen harira, sistema aldaketagatik Lezok urtean 268.500 euro aurreztuko dituela nabarmendu du. 

Edukiontzi marroirako giltzak eta poltsak:

Organikoaren edukiontzia zabaltzeko giltza erabili behar da eta hondakinak poltsa konpostagarrietan bota beharko dira. Giltza eta poltsak udaletxeko hirigintza bulegoan jaso daitezke, 10:00etatik 13:00ra bitartean. Ordutegi horretatik kanpo, poltsak Udaltzaingoan eskuratuko ahal izango dituzte herritarrek.  

Arloa edo saila