400 kilo hondakin inguru jaso dira Zubitxo errekan

Og, 2022-11-10 11:07

Urzain Taldeak Euskal Herria Plaza eta Arraitoki arteko zatia garbitu du.

Bi egunetan, 400 kilo hondakin inguru jaso dira Zubitxo errekan. Bide garbiketako zerbitzuaren bitartez errekastoaren hondakinak garbitu izan diren arren, Lezoko Udaleko ingurumen sailetik intentsitate handiagoko garbiketa egiteko beharra antzeman zen.

Lan hori egiteko, Urzain Taldea kontratatu zen, ibilguak garbitzen espezializatutako taldea, Gipuzkoako hainbat udalerritan jarduerak egin dituena.

Lezon, Urzain Taldeak garbitu du Euskal Herria plaza eta Arraitoki arteko zatia. Lan horien bidez, hondakin solidoak kendu dira, bai duela gutxikoak, bai aspaldikoak, eta pikondo-adarrak ere kendu dira, errekaren ingurumen-kalitatea hobetzeko.

Birziklatu ezin diren hondakinak sortu ez daitezen, jasotako hondakin guztiak sailkatu eta pisatu egin dira, hondakin motaren arabera bereizita, eta, ondoren, Oiartzungo garbigunera eraman dira.

Mikel Fanega Urzain Taldeko arduradunaren esanetan, “150 kilo inguru jaso genituen lehenengo egunean, eta ia 250 hurrengoan. Guztira, 386 kilo hondakin bildu dira, eta % 90 birziklatzera joango dira”.

Jasotako hondakinen artean, aipatzekoak dira txatarra eta metalezko hondakin ugari, hala nola pibotak, bizikletak, patineteak, irrati bat, zirkulazio-seinale bat eta lata eta hondakin plastiko asko. Obretako hondakinak, egurrak eta ehun-hondakinak ere jaso ziren, besteak beste. Udalaren webgunean kontsulta daiteke txosten osoa.

Joxean Sánchez, Lezoko Udaleko Ingurumen zinegotzia, garbiketan egon zen eta udalerriko erreken ingurumen kalitatea hobetzea udalaren eta gobernu talde honen lehentasunetako bat dela adierazi du. “Horregatik bide garbiketako enpresak aldiro egiten zituen bazterrak garbitzeaz gain, tarte zehatzetan ahalegin handiagoa egin behar zela uste genuen”.

“Jasotako hondakinen datuek adierazten dute garbiketa horiekin jarraitu behar dela, hondakinek eta, bereziki, plastikoek paisaiari ez ezik, uraren eta erreken ekosistemaren kalitateari ere eragiten dietelako. Gainera, udalaren asmoa da informazio eta kontzientziazio kanpainak egitea gure erreken ingurumen-kalitatea kontserbatzearen garrantziari buruz”, gaineratu du Sanchezek.

Arloa edo saila
Eranskinak
Txostena1.65 MB