Berrikuntzak egin ditu Udalak Arretxeneko auzo konposta gunean

Og, 2019-09-26 09:37

Konposta-kutxak edukiera handiagoa duten kutxa berriengatik aldatu ditu konposta guneko erabilera erraztu, antolaketa optimizatu eta konposta bera hobetzeko helburuz.

Horrez gain, auzo-konpostean parte hartzeko deialdia luzatu du Udalak; interesdunek auzokonpostalezo@gmail.com helbidera edo 647 057 402 telefonora idatzi dezakete.

Gaur egun 5 dira Lezon dauden konposta guneak: Altamira, Arretxene-Txulotxo, Aralar, Andreone eta Lopene. Horietan, guztira 68 familiek hartzen dute parte, ia 200 lezoarrek, alegia.

2017an, Udalak, auzo-konpostaren proiektuaren jarraipena bermatu eta konposta-guneak hobetze aldera, hobekuntzak egin zituen Andreoneko gunean eta oraingoan, Arretxene-Txulotxoko gunearen txanda izan da.

Horrela, berriki, bertan zeuden 300 litrotako edukiera zuten 20 kutxak kendu eta 700 litroko edukiera duten 6 kutxa berri jarri ditu Udalak. Aldaketa horren bitartez helburua da aipatu guneko erabilpena erraztu eta optimizatzea. Izan ere, konposta kantitate edota dimentsio handiagotan egitean, tenperatura altuagoak lortzen dira eta ondorioz, organikoan dauden patogenoak hil eta konpostaren kalitatea hobetzen da. Konposta kutxa gutxiago izateak halaber, kudeaketa erraztuko die bai erabiltzaile eta bai teknikariei.

Arretxene-Txulotxon 17 familiek egiten dute konposta eta egindako kutxa aldaketei esker, familia gehiagorentzat egongo da lekua. Izan ere, kutxa berriak hiru taldetan antolatuko dira: A, B, eta C. Talde bakoitzean 6-7 familiek hartuko dute parte eta bi konposta-kutxa izango dituzte: materia organiko freskoa botatzeko bata eta heltzen ari den konpostarena bestea.

Auzo-konpostan parte hartzeko deialdia

Gure hondakinen 40% inguru organikoa da, eta auzo-konpostaren bidez hondakin organiko horiek modu jasangarrian tratatu daitezke, herrian bertan kudeatuz eta inolako kutsadura edo albo-poluziorik eragin gabe. Gainera, konposta produktu bezala lortzen da, lorategietan edo nekazaritzan ongarri natural gisa erabili ahal izateko.

Auzo-konpostaren proiektuak 5 urte daramatza jada martxan Lezon eta esan bezala, gaur egun 68 familiek egiten dute konposta herrian.  Aipatutako 5 guneetan tokia dago oraindik familia berriak jasotzeko, horrenbestez, interesdunek, udaletxearekin edo aholkularitza teknikoarekin harremanetan jar daitezke auzokonpostalezo@gmail.com edo 647 057 402 (WhatsApp) telefonora idatziz.

Arloa edo saila