Etxeko tamaina handiko hondakinen bilketari buruzko kanpaina, Lezon

Or, 2022-09-30 11:31

Urrian zehar jarriko da martxan.

Lezoko Udalak, San Markos Mankomunitatearekin elkarlanean, tamaina handiko hondakinen bilketari buruzko kanpaina bat jarriko du martxan, herritarrak hondakin horien kudeaketa egokiaz informatu eta kontzientziatzeko helburuarekin.

Gaur egun, tamaina handiko hondakinak asteazken arratsaldeetan (20:00etatik 22:00etara) utzi behar dira Lezon, edukiontzien ondoan, eta San Markos Mankomunitateak ostegun goizetan egiten du bilketa. Hala ere, horrelako hondakinak adierazitako lekuetatik eta dagokien egunetik kanpo botata ikusten dira askotan, bai eta tamaina handikotzat jotzen ez diren hondakinak ere, eragozpenak eta zikinkeria eragiten dituztenak.

Hori dela eta, kanpainaren helburu nagusia herritarrei hondakin horiek nola eta noiz bota behar diren jakinaraztea izango da, bai eta zer hondakin mota diren tamaina handikoak eta zein ez. Horri dagokionez, TEEH direlakoetan eragin nahi da, hau da, Tresna Elektriko eta Elektronikoen Hondakinetan, hala nola telebistak, hozkailuak, mikrouhin-labeak edo garbigailuak, beren araudi propioa baitute, eta horien kudeaketa egokia garrantzitsuagoa da, haien degradazioak eta manipulazio okerrak ingurumen-inpaktuak eragin baititzake.

Informazio-kanpainan, batetik, informazio-kartelak jarriko dira portaletan, herritarrek informazioa eskura izan dezaten beti, eta, bestetik, pertsona bat egongo da kalean (behar bezala identifikatuta joango da), Lezoko tamaina handiko hondakinei buruzko informazioa eman eta datuak biltzeko, eta, horretarako, inkestak egingo dizkie herritarrei. Inkesten bidez, Lezoko herritarrek tamaina handiko hondakinei buruz duten iritzia ere jakin nahi da. Hala, herritarren proposamenak eta ekarpenak jasoko dira.

Azkenik, bildutako informazioarekin, Udalak egungo egoeraren diagnostikoa lortuko du, baita bizilagunen ekarpen eta iritziak, eta informazio hori baliagarria izango da etorkizunean ezarri nahi diren hobekuntzetarako.

Jesus Mari Martiarenak, Lezoko alkateak,  “oso positibotzat jotzen ditut horrelako kanpainak, lezoarrek tamaina handiko hondakinei buruzko informazio zehatza izan dezaten. Gainera, egungo egoeraren diagnostikoa egiteak etorkizuneko erabakietan lagunduko digu”.

Joxean Sánchez Ingurumeneko zinegotziaren ustez, “kanpaina honekin gure espazio publikoak garbi mantentzeak dakarren onura zabaltzen jarraitu nahi dugu, baita udalerri jasangarriago eta zirkularrago bat lortzen laguntzeari. Tresna horiek adierazitako egun eta ordutegietatik kanpo uzten dituzten pertsonen gizalegearen aurkako portaerak murriztu nahi ditugu”.

Arloa edo saila