Garbiketa lan sakona egin du Udalak errekan

Or, 2020-06-12 11:33

Hain zuzen urtetan zehar bertan metatutako hondakin zaharrak kendu ditu errekaren itxura naturala berreskuratzeko.

Maiatza bukaeran eta asteazkenean bertan burutu ditu lanak Herri Eskola eta kiroldegiaren inguruan, eta urtea bukatu baino lehen beste garbiketa saio bat egitea aurreikusten du.

Lezoko Udalak urteak daramatza jada herriko errekaren balio naturala berreskuratzearen alde lan egiten lezoarrek  kalitatezko erreka batez goza dezaten eta hori lortze aldera hainbat ekintza eta lan burutu ditu azken urteotan.

Esate baterako, ingurumen sailaren helburu nagusietako bat izan da erreka kutsatzen zuten ur zikinen isurketak detektatu eta horiei konponbidea ematea. Horri jarraiki, egindako lanei esker aipatu ur zikinen isurketak ondo bideratu dira, eta gaur egun isurketa puntualak gertatzen badira ere, errekako uraren kalitatea berreskuratu da.

Horrez gain, erreka ertzeko landarediaren kudeaketarako irizpide berriak ere finkatu ditu Udalak, URA Ur Agentziaren oniritziarekin. Irizpide berri horiei esker errekaren egoera ona mantentzeko bereziki garrantzitsua den landaretza berreskuratzen ari da (zuhaitz zein zuhaixkak). Landaretza horrek, bertako faunaren babesleku izateaz gain, errekako uraren tenperatura mantentzea lortzen du (itzalaren bidez).

Hondakinei dagokionez, urtean zehar kale garbiketako brigadarekin errekaren garbiketa egin ohi du Udalak,  eta garbiketa saio horietan bereziki errekara erori edo botatako plastikoak jasotzen ditu. Oraingo honetan, baina, errekaren berreskuratze eta mantentze lan horien baitan, urrats bat gehiago eman du Udalak eta maiatza bukaeran eta asteazkenean bertan urteetan zehar errekan metatutako hondakin zaharrak kentzeko lanak egin ditu.

Lanak Herri Eskola eta kiroldegi inguruan burutu ditu, bertan aurkitu baitira hondakin gehienak, horietako asko, errekaren hondoan erdi lurperatuak. Atera diren hondakinen artean, besteak beste, erosketako orgatxoak, eserlekuak, obra-hondakinez betetako zakuak, metalezko pieza handiak, plastikozko lona handiak edota oihalak jaso dira. Hondakin horietako batzuen tamaina eta pisua dela eta, horiek ateratzeko garabi txiki bat erabili behar izan du Udalak. 

- Argazki bilduma hemen - 

Lanen helburua izan da errekaren itxura naturala berreskuratzea eta, esan bezala, lezoarrei kalitatezko erreka bat eskaini ahal izatea, ingurumenaren eta Lezo zein lezoarren mesedetan.

Gauzak horrela, orain arte egindako lan horiei esker, bizia ikus daiteke gaur egun Lezoko errekan, hain zuzen, amuarrainak, ezkailuak edota platuxak, baita uroiloak eta ahateak ere, besteak beste.

Arloa edo saila