Guztion ardura da Lezo garbi mantentzea

Ar, 2018-11-20 16:03

Hautsitako solarium bat agertu da edukiontzi gune batean

Pasaden ostegunean, azaroak 15ean, solarium bat agertu zen Zubitxo kaleko Txerrimuño aurreko edukiontzi gunean. Hondakinaren tamainarengatik, komertzioren batek bertan utzi duen susmoa du Udalak.

Udaletik argi utzi nahi da tamaina handiko hondakinen bilketa zerbitzua herritarrei zuzendua dagoela, eta merkatariek, batez ere mota horretako hondakin berezi baten kasuan, gestore autorizatu batekin kudeatu behar dutela.

Hori dela eta, aipatu tresna jaso baino lehen, bai Lezoko baita Donibaneko komertzioekin harremanetan jarri da San Markoseko Hondakin Bilketa zerbitzua, Udalak horrela eskatuta, solarium-aren jabea identifikatu nahian, eta bide batez horrelako hondakin bat nola kudeatu behar den informatzeko. Bitartean, solariuma kalean bertan egoteak sor ditzakeen arazoak ekiditeko eta herritarren segurtasuna bermatzeko, Udalak eremua babestu eta itxi du.

Edozein kasutan, bai komertzio batek zein partikularren batek utzi badu ere, Udaletik eskatzen da horrelako hondakin arriskutsu bat kalean utzi baino lehen Hondakin Bulegora deitzea, hondakina nola kudeatu behar den zehazteko.

Udaletik ere gogorarazten da tamaina handiko tresnak uzteko leku eta egun zehatzak daudela, asteazken gauetan edukiontzi guneen ondoan, hain zuzen ere. Ordu horietatik kanpo San Markoseko Garbigunetako zerbitzua erabili dezakete herritarrek; Lezotik gertuen daudenak Oiartzungo Talaia poligonokoa eta Donostiako Garberakoa dira.

Amaitzeko, Udaletik gogorarazi dute hondakinen gaikako bilketa zuzena egitea eta tamaina handiko tresnak Garbigunera eramatea edota dagokion lekuan dagokion egunean uztea norberaren ardura dela. Horregatik, beste behin sistema modu egokian erabiltzeko deia egin diete herritarrei, guztion artean herria txukun mantendu eta gaikako bilketa datuak hobetzeko gai izan gaitezen.

Arloa edo saila