Konposta kutxa berriak jarri ditu Udalak Aralarko gunean

Az, 2020-06-17 13:03

Kutxa zaharrak edukiera handiagoa duten berriengatik aldatu ditu konposta guneko erabilera erraztu, antolaketa optimizatu eta konposta bera hobetzeko helburuz.

Gaur egun 5 dira Lezon dauden konposta guneak: Altamira, Arretxene-Txulotxo, Aralar, Andreone eta Lopene. Horietan, guztira 68 familiek hartzen dute parte, ia 200 lezoarrek, alegia.

Gauzak horrela, 2014an auzo-konpostaren proiektua abiatu zenetik, Udalak, proiektuaren jarraipena bermatu eta konposta-guneak hobetze aldera, hobekuntzak egin ditu jada Andreone zein Arretxene-Txulotxoko guneetan eta oraingoan Aralarko gunearen txanda izan da. 

Izan ere astelehenean bertan aipatu guneko konposta-kutxak aldatu ditu. Horrela, Arretxene-Txulotxon ein bezala, bertan zeuden 300 litrotako edukiera zuten 20 kutxak kendu eta 700 litroko edukiera duten 9 kutxa berri jarri ditu Udalak. Aldaketa horren bitartez helburua da aipatu guneko erabilpena erraztu eta optimizatzea. Izan ere, konposta kantitate edota dimentsio handiagotan egitean, tenperatura altuagoak lortzen dira eta ondorioz, organikoan dauden patogenoak hil eta konpostaren kalitatea hobetzen da. Konposta kutxa gutxiago izateak halaber, kudeaketa erraztuko die bai erabiltzaile eta bai teknikariei.

Aralarren 13 familiek egiten dute konposta eta egindako kutxa aldaketei esker, familia gehiagorentzat egongo da lekua. Izan ere, kutxa berriak hiru taldetan antolatuko dira: A, B, eta C. Talde bakoitzean 4-5 familiek hartuko dute parte eta hiru konposta-kutxa izango dituzte: materia organiko freskoa botatzeko bata eta heltzen ari den konpostarena beste biak.

Aralarko konposta gunea lehenAralarko konposta gunea orain

Aralarko konposta gunea lehen                       Aralarko konposta gunea ORAIN
Auzo-konpostari buruzko datu batzuk

Gure hondakinen 40% inguru organikoa da, eta auzo-konpostaren bidez hondakin organiko horiek modu jasangarrian tratatu daitezke, herrian bertan kudeatuz eta inolako kutsadura edo albo-poluziorik eragin gabe. Gainera, konposta produktu bezala lortzen da, lorategietan edo nekazaritzan ongarri natural gisa erabili ahal izateko.

Auzo-konpostaren proiektuak 6 urte daramatza jada martxan Lezon eta esan bezala, gaur egun 68 familiek egiten dute konposta herrian.  Aipatutako 5 guneetan tokia dago oraindik familia berriak jasotzeko, horrenbestez, interesdunek, udaletxearekin edo aholkularitza teknikoarekin harremanetan jar daitezke auzokonpostalezo@gmail.com edo 647 057 402 (WhatsApp) telefonora idatziz.

Arloa edo saila