Martxan da kiroldegian poltsa konpostagarriak eskuratzeko makina

Og, 2018-04-26 14:39

Lezoar guztien erosotasunerako Udalak poltsa konpostagarriak doan jasotzeko lehen makina jarri du Kiroldegian. Makina kiroldegiko ordutegian egongo da erabilgarri eta txipadun txartelarekin jaso beharko dira poltsak. 

Udal gobernuak herritarrekiko hartutako konpromisoari erantzunez hondakinak gaika biltzeko sistema aldatu zuen aurreko irailean eta 5. edukiontzi sistema ezarri zuen herritarren behar eta ohiturei modu egokiagoan erantzuten dien sistema izateagatik. Izan ere, herritarrentzat sistema erosoagoa da hondakinak edozein egun eta ordutan atera ditzaketelako dagozkien edukiontzietara.

Edukiontzi marroia eta grisa zabaltzeko txartela beharrezkoa da, horrela horien erabilera zuzena sustatu eta bermatu nahi baita. Kasuren batean edukiontzia zabalik aurkituta ere txartela irakurgailutik pasatzea eskatzen da. Era berean, eta jakina denez, hondakin organikoa poltsa konpostagarrietan ateratzea beharrezkoa da eta, horregatik, sistema berria ezartzearekin batera poltsa konpostagarriak banatu zituen doan Udalak. Orain, poltsa konpostagarriak eskuratzeko makina kokatu du Udalak kiroldegiko sarreran eta, horri esker, bukatu ahala berriak eskuratu daitezke bertan.

Makinatik poltsak hartzeko txartela irakurgailura hurbildu besterik ez da egin behar eta, ondoren, poltsa konpostagarrrien zorroa jasoko dute herritarrek. Zorro bakoitzean, 40 poltsa daude (aste bakoitzeko 4 kalkulatuta), beraz 10 asteetarako poltsak jaso ahal izango dituzte gutxi gora behera herritarrek. Dena den, makinaren pantailan adierazten da zein egunetik aurrera jaso daitezkeen poltsak berriz ere.

Alabaina, auzokonposta edo etxekonposta egiten duten herritarrek ezin izango dute makinatik poltsarik eskuratu. Etxekonposta egiten dutenek hilabetean 2 poltsa eskuratu ahal izango dituzte, baina hauek udaletxean jaso beharko dituzte.

Kiroldegiko ordutegian erabilgarri:

Makina kiroldegia zabalik dagoen orduetan egongo da erabilgarri eta, era horretan, kiroldegia herritarrentzat poltsak jasotzeko lehentasunezko toki bilakatzea espero du Udalak: neguko ordutegian; astelehenetik ostiralera 8:15etatik 21:45etara, larunbatetan 8:30etatik 14:00etara eta 16:30etatik 20:00tara eta igandeetan 9:00etatik 13:30etara, eta udako ordutegian; astelehenetik ostiralera 9:00etatik 21:00etara eta larunbatean 9:00etatik 13:30etara. Halere, udaletxean ere jaso daitezke alternatiba moduan.

Udal gobernuaren aburuz, sistema berriaren bitartez bilketa datuak mantentzea edota hobetzea lortzeko herritarrei erraztasunak ematea ezinbestekoa da eta helburu horrekin ezarri da makina berria kiroldegian. “Ziur gaude epe luzera 5. edukiontzi sistemak Atez Atekoak baino emaitza hobeak emango dituela, nagusiki, herritarrak gaikako bilketara ohituta daudelako eta ondo erantzun dutelako aldaketaren aurrean. Guk gure aldetik beharrezkoak diren hobekuntzak txertatzen eta herritarrei erraztasunak ematen jarraituko dugu eta beharrezkoak diren informazio eta sentsibilizazio kanpainak gauzatuko ditugu gaikako bilketan emaitzak hobetzeko”, adierazi dute gobernu taldetik. 

Arloa edo saila