Zein izango ote da udako baratzerik ederrena?

Az, 2020-09-16 10:05

Oraindik zabalik dago Kutxa Ekoguneak antolatutako “Udako Baratze Ederrena lehiaketan parte hartzeko aukera.

Lehiaketan parte hartzeko Baratze Parke Sareko baratzeetako argazkiak bidali beharko dira baratzeparkea@ekogunea.eus helbidera irailaren 25a baino lehen eta hiru ederrenek jasoko dute saria.

Ingurumen eta Trantsizio Ekologiko Sailak gogorarazi du, oraindik zabalik dagoela Kutxa Ekoguneak antolatutako “Udako Baratze Ederrena” lehiaketa eta horrenbestez, Lezoko udal baratzeak parte hartzeko garaian daudela oraindik, hala nahi izanez gero. 

Kutxa Ekoguneak urtero antolatzen ditu Baratze Parke Sare mailako lehiaketak baratze parkeetako erabiltzaileek eta elkarteek egiten duten lana ikusarazi, balioan jarri eta saritzeko. 

Gauzak horrela, oraingo lehiaketa honetan lehiakide gisa edota botoa emanez parte har daiteke. Lehiatu nahi duten baratzekideek irailaren 25a arte izango dute beren baratzeari argazkia atera eta baratzeparkea@ekogunea.eus helbidera bidaltzeko aukera. Argazki horiek, noski, uda honetan ateratakoak izan behar dute, hain zuzen, abuztuaren 1etik aurrera ateratakoak.

Esan bezala, lehiaketan parte hartzeko ezinbestekoa izango da Baratze Parke Sareko (BPS) kide izatea eta lehiakide bakoitzak hiru argazki bidali beharko ditu: lursaila agertzen den argazki nagusia (Baratze Parkea eta lursail zenbakia ikusten ez direla, anonimotasuna bermatzeko. Publiko egingo den argazkia); lursailaren zenbakia agertzen den argazkia eta lursaila Baratze Parkean dagoela erakusten duen argazki panoramikoa.

Lehiaketa bi fasetan burutuko da. Lehen fasea abuztuaren 1etik 25era bitartean egingo da eta denbora horretan, Kutxa Ekoguneak izendatutako teknikariak lehiaketara aurkeztu diren Baratze Parkeetako 8 lursail ederrenak aukeratu eta horiek pasatuko dira lehiaketaren 2. fasera. Zortzi finalisten lursailen argazkiak publiko egingo dira Kutxa Ekoguneko web eta sare sozialetan irailaren 30ean.

Baratze ederrenak aukeratzeko irizpideak lore eta barazkien aniztasuna eta osasuna, lurraren kalitatea, baratzaren konposizioa eta koloreen edertasuna izango dira. Baratzegintza ekologikoa egitea ezinbestekoa izango da.

Bigarren fasean Baratze Parke Sareko baratzekideek aukeratuko dituzte 8 finalistetatik 3 irabazleak, bozketa bidez. Bozketa urriaren 1etik 7ra egingo da (biak barne).

Urriaren 9an ezagutuko dira Kutxa Ekogunearen webgunean hiru lehiakide irabazleak eta zozketako bi irabazleak

Lehen irabazleak 80 euroko balioa duen tokiko produktuen saski bat jasoko du; bigarrenak 60 euroko balioa duen tokiko produktuen saski bat; eta hirugarrenak 40 euroko balioa duen tokiko produktuen saski bat.

Era berean, lehiaketan bozketa bitartez parte hartzen dutenek 30 euroko balioa duten tokiko produktuen bi saskiren zozketan parte hartuko dute.

Arloa edo saila