Bekoerrota eta Altzate, astelehenean zabaltzeko prest

Or, 2020-06-26 14:17

Aipatu instalazioetan sartzeko ez da beharrezkoa izango erreserbarik egitea, bai, ordea, abonoa-pultsera erabiltzea edota sarrera erostea, baita, noski, ezarritako segurtasun eta garbiketa neurriak betetzea.

Aforoa betez gero, ezingo da instalazioetara sartu, baina horri lotuta, Udalak eta Bpxportek tresna bat sortu dute Lezoko udal webgune zein APP-an instalazioen aforoaren egoera uneoro zein den jakin ahal izateko.

Bekoerrota kiroldegiak eta Altzate igerilekuak hiru hilabete baino gehiago egin dituzte itxita COVID-19ak sortutako osasun larrialdi egoera dela eta. Azken asteotan, baina, Udala gogor aritu da lanean aipatu bi instalazioen irekiera modu antolatu eta seguruan egiteko, lehentasuna baita erabiltzaile guztien osasuna eta segurtasuna mantentzen jarraitzea.

Ildo horretan, duela bi aste komunikatu bezala, segurtasun protokolo bat lantzen aritu da, egungo legediari eta egoerari jarraiki, aurrerantzean instalazioetan jarraitu beharreko neurriak zehaztu eta jasotzeko.

Gauzak horrela, Bekoerrota eta Altzate datorren astelehenean zabalduko dira, hilaren 29an, udako ordutegian:

Bekoerrota:

  • Astelehenetik-ostiralera: 8:00-21:00
  • Larunbata: 9:00-13:30 eta 17:00-20:00
  • Igandeak/Jai egunak ITXITA

Altzate Igerilekuak:

  • Astelehenetik ostiralera: 8:15-21:00
  • Larunbata/Igandea/Jai egunak: 9:30-21:00

Kirola egiteko espazio gehiago

Esan bezala, bi instalazioak erabiltzaileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko modu seguruan prestatu dira. Bekoerrotan esaterako, erabilera protokoloaz haratago, giharketa gelaren tamaina handitzeko obra txiki bat egin da eta era berean, fitness gelako makina batzuk eta spinning gelako bizikletak pistan kokatu dira. Bi kasuetan, helburu nagusia da erabiltzaileek kirola segurtasunez egiteko espazio gehiago izatea, aforoa murriztu behar izan gabe. Hau da, sala bakoitzean sartzen den pertsona kopurua murriztu behar ez izateko beste espazio batzuk bilatu edota aprobetxatu dira. Horri esker, espazio gehiago izanik, kirol makina guztien artean legeak ezarritako segurtasun distantzia bermatu da, makina guztiak erabilgarri egongo dira eta ez da aforo murrizketarik egin beharko.

Osasun eta segurtasun neurriak:

Irekiera protokoloari erreparatuz, ez da erreserbarik egin beharko aipatu bi instalazioetara sartzeko, baina ezinbesteko izango da abonoa zein pultsera erabili edota sarrera erostea. Horiek gabe ezingo da kiroldegira edota igerilekura sartu.

Kiroldegiaren ohiko erabiltzaile kopuruari eta legeak ezarritako aforo murrizketari erreparatuz, ez da erabiltzaileen sarrera mugatzeko beharrik ikusten. Edozein kasutan, aforoak betez gero, ezingo da instalazioetan sartu lekua egon arte. Horri lotuta, Udalak eta Bpxportek uneoro instalazioen aforoaren egoera ezagutzeko erreminta bat sortu dute tresna lagungarri gisa, eta hori eskuragarri dago Udalaren APPan edota udal webgunean: www.lezo.eus/eu/zerbitzu/kirola.

Horiez gain, ondorengoak dira kontutan izan beharreko segurtasun, osasun eta garbiketa neurriak:

  • Bekoerrota zein Altzatera sartzeko beharrezkoa izango da musukoa janztea, baita instalazioetan barrena mugitzeko ere (berdegunean ez).
  • Ezinbestekoa izango da segurtasun distantziak mantendu eta errespetatzea eta pasillo zein eremu ezberdinetan eskuinetatik joatea.
  • Instalazioetako langileen gomendio eta jarraibideei kasu egin beharko zaie.
  • Ahal den neurrian, aldagelak ez erabiltzea eskatzen da. Erabiliz gero, markatua dagoen aforoa errespetatu beharko da.
  • Gune ezberdinetan eskuak garbitu beharko dira sartzerakoan.
  • Fitness eremuan eskuoihala erabiltzea derrigorrezkoa izango da eta behin ariketa amaituta, erabiltzaile bakoitzak erabilitako makina garbitu beharko du.
  • Igerilekuak kale bikoitza bat jarriko da igeriketarako ordutegi osoan.

Ur-jolasak eta berdegunea:

Maiatzean agindu bezala, aurtengoan, Altzate igerilekuak 100m2ko jolas-gune berria izango du, ur-jolas parkea, alegia. Aipatu gunea dagoeneko amaituta dagoela jakinarazi du Udalak, baina egungo egoera dela eta, oraindik ez da erabilgarri egongo. Berdegunea, ordea, zabalik egongo da eta bertan etzan ahal izateko derrigorrezkoa izango da eskuoihala erabiltzea.

Abonoak eta ikastaroak:

Konfinamenduak eta bereziki osasun larrialdi egoerak iraun duen bitartean (apirila, maiatza eta ekaina), kiroldegi zein igerilekuko abonoen kobrantza izoztuta mantendu da. Ildo horretan, Udalak jakinarazi du horien kobrantza uztailaren 1etik aurrera jarriko dela berriro indarrean.

Zerbitzuei dagokienean, martxoan kobratu zirenak datozen hiru hilabeteetan eskainiko dira. Hori horrela izan dadin, Bekoerrota eta Altzate abuztuan eta irailean irekita mantentzea erabaki du Udalak, izan ere, itxialdi teknikoko lanak azken asteotan burutu baitira. Horrela, aste horietan, bazkideek instalazioak erabili ahal izango dituzte.

Ikastaroen kasuan, halaber, bertan behera gelditu ziren igeriketa eskolak irailaren 10etik 26ra bitartean eskainiko dira eta helduen ikastaroen kasuan, modu bikoitzean konpentsatuko da (bazkide bakoitzari azalduko zaio nola).

Amaitzeko, Udalak gogorarazi du kirol guneak gozamenerako eta ongizaterako espazioak direla, horrenbestez, lasaitasunez hurbildu eta arduraz jokatzen jarraitzeko deia luzatu die herritarrei, horrela guztiok segurtasunez gozatu ahal dezagun horietaz familia edo lagunartean.

Informazio laburbildua

Arloa edo saila