Eguberrietan ere, kirol eskaintza anitza Lezon

Besteak beste Bekoerrotan antolatutako kirol txokoa, Munttarpeko kirol kanpusa eta saket scooter tailerrak egongo dira aukeran haur eta nerabeei zuzenduta.

Ez dedila esan Eguberriak kirola egiteko egun txarrak direnik. Ez Lezon behintzat. Izan ere, jai egunotarako kirol eskaintza anitza antolatu du Udalak, haur eta nerabeentzat, oporraldian ere kirola egiteko aukera izan dezaten.

Gauzak horrela, Bekoerrotan kirol txokoa jarriko da 6-12 urte bitarteko haurrei zuzenduta. Bertan, modalitate ezberdineko kirolak egiteko aukera izango dute, hala nola, eskalada, igeriketa, patinaia… eta horretarako bi txanda antolatu dira: abenduak 23, 24, 26 eta 28an lehena eta abenduak 30 eta 31 eta urtarrilak 2 eta 3 bigarren txanda.

Kirol txokoaren ordutegia 09:30-12:30ekoa izango da eta Pasaia, Oiartzun, Errenteria eta Lezoko bazkideentzat 40€ko prezioa izango du. Bazkide ez direnek, aldiz, 50€ ordaindu beharko dituzte.  Izen ematea Bekoerrota kiroldegian bertan, lezo@bpxport.es helbide elektronikoan edo 943 510311 telefonora deituta egin ahal izango da.

Munttarperen Eguberrietako kanpusa

Era berean eta kirol eskaintzari helduta, Munttarpe eskubaloi taldeak Eguberrietako kanpusa antolatu du festa egunotarako eta kasu honetan, noski, eskubaloia izango da kanpus horretan eskainiko modalitatea. Kasu honetan LH 3, 4 eta 5 eta DBH1eko haurrei zuzenduta egongo da eta abenduaren 30ean eta 31n eta urtarrilaren 2an ospatuko da Bekoerrota kiroldegian 11:30-13:00 bitartean.

Pertsona interesdunek 20€ko ordainketa egin beharko dute eta labur.eus/munttarpekanpusa webgunean dagoen izen-emate orria bete beharko dute abenduaren 27a baino lehen.

Informazio gehiagorako 618 859 028 whatsapp zenbakira idatzi edo munttarpe.eskubaloia@gmail.com helbidera idatzi ahal izango da.

Dirua sartzeko kontu korrontea ondorengoa da: ES41 2100 5396 9602 0007 6410

Skate scooter lantegia 

Muturreko Kirol Klubak, kirol hauetako zaleentzako jarduera aparta antolatu du beste behin Lezon, Skate-Scooter lantegia, alegia. Bekoerrotako Koldobike Gezala frontoian eskainiko da abenduaren 28an eta urtarrilaren 4an, arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara. Aipatzekoa da, norberak eraman beharko duela bere materiala, baina Scooterrik ez duenarentzat bertan izango dituzte horietako batzuk lantegian parte-hartu ahal izateko.

Lantegirako, Koldobike Gezala frontoian irristatzeko elementu ezberdinak jarriko dituzte Muturreko Kirol Klubekoek, parte-hartzaileek espazio desberdinez gozatu ahal izateko.

Arloa edo saila