Has dezagun urtea gorputza astintzen!

Datorren ostegunetik aurrera, hilak 14, Lezoko Udalak berriro ekingo dio Tipi-topa ekimenari eta urrian bezala, abiapuntu zein helmuga Bekoerrota kiroldegiko Koldobike Gezala frontoia izango da.

Osasun krisialdia hasi zenez geroztik egoerak behartuta hainbat etenaldi izan dituen arren, urte berriarekin batera bueltan dira berriro Tipi-topako ibilaldiak, orain arte bezala garai berrietara moldatuta eta osasun eta segurtasun berme guztiekin.

Ildo horretan, orain arte bezala, ibilaldiak ostegunetan egingo dira bi txandatan, 10:45 lehena eta 11:00 bigarrena. Topagunea, urrian bezala, Bekoerrota kiroldegiko Koldobike Gezala frontoia izango da. Izan ere, aipatu espazioa handia, estalia eta irekia da aireztapenari dagokionean eta guzti horrek, parte-hartzaileen arteko segurtasun distantzia bermatzen laguntzen du.

Ibilaldiak betikoak izango dira eta sei laguneko taldetan egingo dira. Urrian egin bezala, segurtasun neurri nagusi gisa, noski, musukoaren erabilera azpimarratu du Udalak. Ezinbestekoa izango da ibilaldi osoan zehar musuko kirurgikoa erabiltzea eta saio hasieran zein amaieran eskuak bertan egongo del gel hidroalkoholikoarekin desinfektatzea. Era berean, ez da materialik egongo elkartrukean eta ur edalontzirik banatuko ez denez, norberak berea eramatea gomendatzen da. Saio bukaeran, halaber, ez da mokadutxorik eskainiko, baina beste ekintzaren bat egingo da ibilaldia ixteko.

Ibilaldiari dagokionean eta landutako osasun eta segurtasun protokoloari jarraiki, parte-hartzaile zein begirale ororen segurtasuna eta osasuna bermatze aldera, oinez ibiltzeko laguntzailea behar dutenek, laguntzaile horretaz baliatu beharko dute ibilaldi osoan, hau da, pertsona laguntzaile horrek saio guztian zehar gelditu beharko du.

Udalak gogorarazi du Tipi-topa herritar guztiei irekia dela, nahiz eta bereziki 60 urtetik gorakoentzat eta aktibitate fisikorik egiten ez dutenentzat aurreikusita dagoen. Ibilaldietan parte hartu nahi dutenek ostegunean Koldobike Gezala frontoira gerturatu besterik ez dute.

Asteartetan, Martxan +60

Tipi-topaz haratago, asteartero, Martxan +60 ekimena eskaintzen jarraitzen du Udalak, adineko pertsonek ariketa desberdinak egiteko saioak, alegia.

Tipi-toparen kasuan bezala, Koldobike Gezala frontoian biltzen dira parte-hartzaileak eta  bertatik hasita, hilean behin parke osasungarrietara egiten dute irteera eta beste hiruetan frontoian bertan egiten dituzte saioak: 2 asteartetan indarra, oreka eta koordinazioa lantzeko ariketak eta beste batean dantza. Saio horiek 11:00etan hasten dira.  

Edozein kasutan ezinbestekoa da musukoa jantzita izatea, nahiz eta ariketa egin bitartean aukerakoa den kentzea segurtasun distantzia bermatuak baitaude. Soilik orduan kendu daiteke; gainerakoan jantzita mantendu behar da.  

Arloa edo saila