Mugiment Pausu Erronka abian da

Og, 2026-05-07 14:17

Maiatzaren 11tik 31era Oarsoaldeko kaleak berriro ere pausoz beteko dira. Oiartzun, Lezo, Errenteria eta Pasaiako udalek herritarrak II. Mugiment Pausu Erronkan parte hartzera animatu dituzte, egunerokoan gehiago mugitu eta ohitura osasungarriak sustatzeko helburuarekin.

Mugiment programaren baitan, pausu erronka honetan hartuko dute parte Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzua (JFOZ) duten EAEko 56 udalerrik. Erronka maiatzaren 11tik 31ra egingo da, eta helburua argia da: herritarrek ahalik eta pauso gehien ematea, jarduera fisikoa sustatzeko eta ongizate fisiko zein emozionala hobetzeko. Izen-ematea zabalik dago jada.

Lau udalerrietako kirol arduradun politikoek Lezon aurkeztu dute ekimena - Edorta Fernández (Oiartzungo kirol zinegotzia), Eneritz Arruti (Lezoko kirol zinegotzia), Leire Mazizior (Errenteriako kirol zinegotzia) eta Julen Rodríguez (Pasaiako kirol zinegotzia) -, eta nabarmendu dute herritarrak aktibo mantentzeko edozein ekimen garrantzitsua dela. Azaldu dutenez, erronka hau urte osoan zehar sustatzen dituzten jarduera fisikoko ekimenen osagarri izango da.

Erronka Wellk mugikorreko aplikazioaren bidez egingo da. Parte-hartzaile bakoitzak bere udalerriko taldean parte hartu ahal izango du, eta denbora errealean ikusi ahal izango dira bai banakako bai taldekako sailkapenak. Gainera, hainbat sari banatuko dira parte-hartzaileen artean. Beste norbaitekin ibiltzera bazoaz, euskaraz aritzeko edo praktikatzeko une egokia ere izan daiteke. 

Nola parte hartu?

  1. App-a deskargatu: Wellk aplikazioa instalatu Android edo iOS gailuetan.
  2. App-an izena eman
  3. Talde batera batu: Hasiera orrian "Mugiment Pausu Erronka" >Taldeak> zure udalerria aukeratu.
  4. Pausuak erregistratu: zure eguneroko jardueran pausoak automatikoki kontatuko dira. Horretarako hemen argibideak sinkronizazioak egiteko: https://wellk.eus/instruccionespausu/

Sariak

  • Banakako sariak: 75 euroko opari-txartelak emakume eta gizon parte-hartzaile aktiboenentzat, desgaitasuna duten pertsonentzako kategoria bereziarekin.
  • Taldekako sariak: Udalerri bakoitzeko batez besteko pauso kopurua hartuko da kontuan. Pauso gehien eman dituzten bost herritarrek saria jasoko dute, eta beste bost sari zozketatuko dira taldeko partaideen artean.
  • Parte-hartzaile gehien dituen udalerriaren saria: 30 euroko bost opari-txartel zozketatuko dira udalerri irabazleko parte-hartzaileen artean.

Informazio gehiago eta laguntza teknikoa

Elkarrekin gehiago mugitzen gara!

Arloa edo saila