Mendekosteak iristear dira eta gaur goizean aurkeztu dute egitaraua. Jon Legorburu Kultura Zinegotziak eta Xanti Val Kultura Teknikariak Kultur Aretoan prentsaurrekoa egin dute ekainaren 6, 7 eta 8an ospatuko diren Mendekosteen berri emateko.
Aurtengo Mendekosteen egitaraua antolatu dute Jai Batzordeak eta Lezoko Udalak eta goizean aurkeztu dute Kultur Aretoan. Egitarau oparoa izango da, Legorburuk azaldu duen moduan “gazte zein helduentzako 30 ekitaldi inguru antolatu dira, oso programa herrikoia da, zabala”, Lezoko Udala oso pozik dago Jai Batzordeko eragile eta taldeekin, “euren lanari eta jarrerari esker antola daitezkelako jaiak”.
Urtero legez, Portutik iritsiko diren Zabarre eta Maria Labaienen etorrerarekin eta pirata txikien pregoiarekin hasiko dira festak. Eta une hori koloretsuago izan dadin, herritarrei pirataz janzteko deialdia egin die Legorburuk. “ez soilik gazteenak, helduak ere pirataz janztera gonbidatzen ditugu”.
Festa giroa pizturik, Xanti Val kultura teknikariak programaren berri eman du modu zehatzagoan Jai Batzordeak proposatu dituen hainbat ekitaldi aipatuz: Afari autogestionatu herrikoia ostiralean, Arkirun Klubeko finalak, dantzak, buruhandi eta erraldoiak, kontzertuak, kalejirak eta beste asko izango dira. Aniztasunak aberasten ditu herriko festak eta gustu guztietarako hitzorduak izango dira.
Programa bihar iritsiko da Lezoko etxeetara eta online ikusgarri egongo da hemen.
Ondoren, ekainaren 14ean ospatuko diren Euskal Jaiak aurkeztu ditu. Festetatik kanpo baina aurten jarraian izango dira, hortaz, egitaraua plazaratu dute. Egun guztian zehar ekitaldiak antolatu dituzte, Dianarekin abiatuta musikaz eta dantzaz betetako goiza izango da, 12:00etan Iparraldeko Herri Kirolak izango dira eta ondoren, herri bazkaria Lezo Herri Eskolako Patioan. Arratsaldea giza-probarekin hasi eta Sagardo Festarekin amaituko da.
Hiru egun hauetan festa giroa izan dadin nagusi, funtsezkoa da jaiak errespetuz eta parekotasunez bizitzea, “Jai Batzordeak, Udalak eta Lezoko Mugimendu Feministak lan handia egiten dute indarkeria matxistarik gabeko eta beste inolako erasorik gabeko jaien alde. Horregatik, indarkeria matxistaren aurrean arreta edo salaketa egiteko telefonoa egongo da (688 696 204) ostiral eta larunbat gauetan 00:00-6:00 bitartean, eta puntu morea jarriko dugu ekainaren 7an 18:00etatik 21:00etara Pikukalen”, azaldu du Legorburuk.