Lezoko Udalak eta Hika Teatroa konpainiak Lezoko Antzerki Testu Laburren III. Lehiaketa aurkeztu du gaur goizean. Testuak bidaltzeko epea maiatzaren 9an hasi eta irailaren 10ean bukatuko da. Irailaren 19an, 6 finalisten izenak iragarriko dira. PARTIDA delakoa, sei testu finalisten irakurketa dramatizatuen arteko partida, alegia urriaren 4ean izango da Lezon.
Hirugarren aldiz Lezon Antzerki Testu Laburren Lehiaketa ospatuko da. Lehen bi urtetako arrakasta ikusirik, aurten ere kulturaren alde egin du apustua Lezoko Udalak. Euskal dramaturgiari bultzada ematea da helburua, euskal dramaturgoei, eta bereziki euskal dramaturgo gazteei, parte-hartze espazioa eskaini eta herritarrak antzerkira gerturatzeko asmoarekin antolatu dute. Gaur goizean aurkeztu dute lehiaketaren hirugarren edizioa Aitzol Saizar Lezoko Kultur Zinegotziak, Xanti Val Kultur Teknikariak eta Agurtzane Intxaurraga Hika Teatroko zuzendariak.
Euskal dramaturgo edo idazle gazteei zuzenduta dago, eta parte hartzeko epea gaur bertan hasi da. Piezak irailaren 10eko 14:00ak arte bidali ahal izango dituzte eta aurkeztutakoen artean, epaimahaiak 6 testu finalista aukeratuko ditu. Agurtzane Intxaurragak azaldu ditu lehiaketaren xehetasunak eta iragarri du jada noiz izango den kale jaialdia, urriaren 4ean, Lezon. Bertan, 6 antzerki-testu finalistak irakurketa dramatizatuan aurkeztu eta ikuslegoak erabakiko du zein izango den 1.200 €-ko saria irabaziko duen testu garailea.
LEZO ESZENA ekimenaren baitan kokatzen da aurten ere lehiaketa. Hika Teatroa konpainiarekin batera, herrian kulturarekiko sentsibilizazio eta publiko berriak sortzeko programa da. Gazteak erdigunean jarri nahi ditu lehiaketak. Esaterako, antzezlanek 2 pertsonaia izan behar dituzte gehienez, eta horietako bat gaztea izan beharko da, gainera, 6 finalistetatik bi gutxienez 35 urtetik beherakoak izatea bermatuko du epaimahaiak.
Aitzol Saizar Kultur Zinegotziak azaldu duen moduan, Lezo Eszena programaren helburu nagusietako bat hori da, zehazki: “dramaturgian gazteen presentzia bermatzea ezinbestekoa da gazteak antzerkira gerturatzeko, kulturan ere euren lekua topatzeko bidea baita, gazteak zehartzen dituzten gaiak gazteek lantzen dituztenean, identifikatuta sentitzen dira”.
Lezo Eszenaren programaren baitan, ordea, ez da Antzerki Testu Laburren lehiaketa bakarrik. Xanti Val Kultur Teknikariak azaldu duen moduan, egitasmo berri ugari antolatu dira aurten. Besteak beste, pasa den martxoaren 30ean, Ikusle Gazte Berria ekimenarekin dantza-ikuskizunetan ikusle gazteak gutxiago zirela antzeman eta Lezoko gazte bati bertaratzeko gonbidapena egin zitzaion. Maiatzaren 18an, Kamikaz Kolektiboko 'Renata' ikuskizunaren aitzakian izango da aukera bigarren ikusle berria ezagutzeko.
Bestalde, aurtengo Lezo Eszena programak dramaturgiari lotutako formakuntza atala ireki berri du. Pasa den martxoan, Xabi Paya, lehiaketaren lehenengo edizioko irabazleak, gazteen artean idazketa dramatikoa bultzatzeko asmoz, Pasaia-Lezo Lizeoko Batxillergoko ikasleei dramaturgia tailer bat eskaini zien.
Modu berean, bigarren dramaturgia tailer bat eskainiko da Jokin Oregiren eskutik datorren ekainaren 14an eta 21ean Lezoko kultur aretoan. Oregi aktorea, antzerki-zuzendaria eta antzerkigilea da, 2008tik Marie de Jongh antzerki taldearen zuzendaria, eta Lezoko Antzerki Testu Laburren II. Lehiaketako irabazlea izan zen. Valek azaldu duen moduan, tailerra “irekia izango da, idazteko grina edo zaletasuna dagoen pertsona orori zuzendutakoa, profesional baten eskutik dramaturgiaren ezaugarriak eta aukerak ezagutzeko saioak izango dira”.
Gezala aretoari lotuta dauden Txalostean izeneko solasaldiak ere bere bidea egiten ari dira. Lehenengo lau hilabeteetan guztira, 11 solasaldi burutuko dira dantza eta antzerki ikuskizunen artean.
Azkenik, Saizarrek lehenengo eta bigarren edizioko testu finalistekin osatu dituzten bi liburuak aurkeztu ditu. Edizio bakoitzeko testu finalistak irakurgai daude Lezoko Udaleko webgunean, baina orain, bi bildumak liburu formatuan argitaratu dituzte. Lehenengo bi urtetakoak eskuragarri daude jada Lezoko Udal Liburutegian eta Kultur Etxean. Liburuak Euskal Herriko antzerki akademietara eta eskualdeko ikastetxeetara bidaliko dituzte. Horren helburua antzerkiari ekarpena egitea da, euskarazko antzerki testuen bilduma bat eskainiz. Urte honetako testuekin ere osatuko dutela iragarri du, lehiaketa amaitu ostean.