Antzerkia eta musika nagusi asteburuan Kilometro Lezo kultur agendan

Az, 2020-08-19 12:45

Ostiralean Markeliñe antzerki taldeak “Crusoe” antzezlana eskainiko du eta larunbatean, Tenpora musika talde ezagunak bere lan berria aurkeztu eta estreinatuko du Lezon.

Bi ekitaldiak Herri Eskolako patioan eskainiko dira gaueko 23:00an eta sarrerak eskuragarri daude udal webgunean edota kultura saileko bulegoan.

Joan den asteburuan ekin zitzaion Kilometro Lezo udako kultur agendari Haatik dantza taldearen zein Maria Berasarte abeslariaren emanaldiekin eta oraingo asteburuan, kultur ekintzei jarraipena emanez, antzerkia eta musika izango dira nagusi Lezon, euskal musika, dantza eta antzerkia uztartzen dituen kultur agenda honen baitan.

Izan ere, Kilometro Lezo agendaren helburu nagusia da kultur ekintza, ekitaldi zein jarduerak suspertzea eta noski, euskal kultura indartzen eta bultzatzen jarraitzea, kulturak zein arte sormenak gure gizartean duten eginkizuna eta balioa ikusaraziz.

Antzerkia eta musika asteburu protagonista nagusiak

Kilometro Lezok guztira 8 ekitaldi jasotzen ditu eta guztiak ostiral zein larunbatean eskaintzen dira.

Oraingo honetan, ostiralean, hilak 21, Markeliñe antzerki taldeak “Crusoe” antzezlana eskainiko du Lezon. Obra horren bitartez, Dafoeren klasikoa egokitu eta hiru antzezleren eta musikari baten bitartez, bizitzaren metafora bat kontatuko digute, iradokitzailea, irudimentsua eta dibertigarria.

Larunbatean, halaber, musika izango da protagonista nagusia Tenpora musika talde tolosarraren emanaldiarekin. Aipatu taldeak “Berriro asma nazazu” deituriko bere lan berria estreinatu eta aurkeztuko du lehen aldiz jendaurrean.

Pop-jazz talde honen hirugarren albuma da Lezon aurkeztuko dutena, Aitor Etxebarriak ekoiztua. Tenpora taldeko boskoteak soinu berriekin berriro esperimentatzen du, bere ezaugarri diren aniztasun eta aldakortasunaren isla, eta soinu berriak ere garatzen ditu, bere benetako nortasuna galdu gabe.

Sarrerak dagoeneko eskuragarri

Aipatu bi ekitaldiak gaueko 23:00etan eskainiko dira Herri Eskolako patioan, doakoak izango dira eta sarrerak dagoeneko eskuragarri daude udal webgunean zein kultura saileko bulegoetan.

Amaitzeko, egungo egoera kontutan hartuta, Kilometro Lezoko ekitaldiak aurrera eramateko protokolo zorrotz bat osatu du Udalak, antolatzaile, artista parte-hartzaile eta ikusle ororen segurtasuna eta osasuna bermatzeko. Hauek dira hartutako neurri nagusiak:

  • Ekitaldi bakoitzeko gehiengo aforoa 250 pertsonakoa izango da eta guztiak eserita egon beharko dute
  • Horretarako aulkien arteko segurtasun distantzia bermatuko duen espazioa aukeratu da, Herri Eskolako patioa hain zuzen
  • Sarreran eskuak bertan egongo den gel hidroalkoholikoarekin garbitu beharko dira
  • Barrura sartzeko ezinbestekoa izango da musukoa erabiltzea, baita ekitaldiak irauten duen bitartean ere
Arloa edo saila