Badator Trapujale, badatoz Inauteriak!

Or, 2020-02-14 13:47

Otsailaren 20tik 25era Lezo festa giroan murgilduko da eta horretarako ekintza egitarau anitz zein oparoa antolatu dute Udalak eta Jai Batzordeak elkarlanean: kalejirak, sorgin dantza, Trapujale festa eta oroigarria, bazkari herrikoia…

Lezoko Udalak herritarrak inauteriez gozatzera eta antolatutako ekitaldietan parte hartzera animatzen ditu, baita koloreetako banderak leihoetan eta balkoietan jartzera ere.

Lezoko Udalak aurkeztu du 2020ko Inauterien egitaraua Jesus Maria Martiarena alkatea eta Ion Pombar kultura zinegotziaren eskutik. Urtero bezala, Jai Batzordearekin elkarlanean antolaturiko egitaraua adin guztienentzako ekintzez beterik dator eta ohikoa den bezala, Trapujale du Inauterien protagonista eta zaindari.

Gauzak horrela, datorren otsailaren 20an, ostegunean, ongietorria emango die lezoarrek 2020ko inauteriei eta noski, Trapujaleri, lehenbizi arratsaldeko 16:00etan Herri Eskolan eta ondoren, 19:30ean, Herriko Plazan, Trapujale Martizkone baserritik jaisten denean. Ez da baina, bakarrik iritsiko, alboan izango baititu musika eskolako taldeak eta Alde Zaharreko joaldunak giroa alaitzeko.

Ildo horretan, Udalak eskerrak eman eta aipamen berezia egiten dio Trapujale taldeari ospakizun hau aurrera eramateko egindako lan eta esfortzuagatik. Horrekin batera, aipatu, Mikel Susperregik eta Lander Zurutuzak duela 30 urte argitaratutako komikiaren portada berreskuratu dela programan jartzeko. “Guzti horrek, Lezok inauteri propioak izateak bermatu du, lezoarrak harro egoteko moduko inauteri propioak, hain zuzen”, azaldu du Ion Pombar kultur zinegotziak.

Era berean, iaz egin bezala, inauterietako egunaren arabera, herriko balkoiak koloreko banderolaz apaintzera animatzen ditu Udalak lezoarrak, baita kolore bereko zapia lepoan janztera ere. Inauteriak, horrela, sei kolore izango ditu: zuria ostegunean, horia ostiralean, gorria larunbatean, ubela igandean, arrea astelehenean eta beltza asteartean.

Berrikuntzak:

Aurtengo berrikuntza nagusien artean, ostiraletan egin ohi den afari herrikoia larunbatean egungo da, bazkari moduan eta igandean, aldiz, aurten lehen aldiz bigarren bazkari herrikoia egingo da, azken hau autogestionatua. Bi bazkariak Koldobike Gezala frontoian egingo dira.

Inauterietako programa, halaber, hainbat tokitan eskuratu ahal izango da: app-aren bidez, webgunean eta etxeetara ere banatuko da.

Egitarau osoa:

Inauteriak datorren otsailaren 20an hasiko dira Lezon, Ostegunzuri egunaren ospakizunarekin. Egun horretan, arratsaldeko 16.00etan Lezo Herri Eskolak Trapujaleri harrera eta ongietorria emango dio eta 19:30etan berriz, Trapujale Martizkone baserritik jaitsiko da Gurutze Santuaren plazara; jaitsieran, halaber, bidelagun izango ditu Alde Zaharreko Joaldunak eta Tomas Garbizu Musika Eskolako musikariak. Plazara iristean Inauterietako pregoia irakurriko dute.

Ondoren, 20:00ak aldera, Lezoko “Trapujale” oroigarri bereziaren banaketa egingo da. Aurten Mikel Susperregi eta Lander Zurutuza izango dira omenduak, Trapujaleren komiki originalaren egileak, alegia. Komikiaren azala da, hain zuzen, aurtengo inauterietako kartel gisa erabili den irudia.

Ostiralori: gaztetxoak protagonista

Goizeko lehen orduan hasita, 09:30ean, Lezo Herri Eskolako eta Institutuko ikasleek kalejira egingo dute herriko kaleetan zehar eta ondoren, 10:30ean, “Garraioak” ikuskizuna eskainiko dute Bekoerrota kiroldegian.

11:00etan, berriz, Pasaia-Lezo Lizeoko ikasleek “Trapujale festa” egingo dute Gurutze Santuaren plazan; euria egingo balu, aipatu festa Saldise plazan egingo da. Ondoren, hamaiketakoarekin eta Trapu Jolasekin emango zaio amaiera festari.

Arratsaldean, 17:30ean ekingo zaio berriro inauterietako egitarauari. Hain zuzen, Sorgin Dantza eta Zirikuen kalejira egingo da Murixkaren lokaletik abiatuta Gurutze Santuaren plazara arte eta ordu erdi beranduago, 18:00etan Lezoko Euskal Dantzazaleek desfilea egingo dute kiroldegitik abiatuta. Behin desfilea amaituta, 19:30ean, “XVI. mendeko sorgin dantza” eskainiko dute, hori ere, Gurutze Santuaren plazan. Eguna amaitzeko, 20:00etan kartelada egingo da.

Larunbatgorri eta Igandeubel

Asteburuan, halaber, Lezok zein lezoarrek inauterien ospakizunean murgilduta jarraituko dute. Larunbatean, berrikuntza bezala, eguerdiko 15:00etan inauterietako bazkari herrikoia egingo da, ostiraleko afariaren ordez. Aipatu bazkaria Koldobike Gezala frontoian eta ondoren, karaoke saioa egongo da. 17.00etan, aldiz, Peru musikariarekin batera kalejira egingo da herrik kaleak alaitu eta girotzeko, Lopenetik abiatuta Gurutze Santuaren plazara arte. Ondoren, plazan bertan txokolate jateaz eta festaz gozatu ahal izango dute herritarrek (eguraldi txarra eginez gero, ekintza horiek guztiak Saldise plazan egingo dira). Eguna ixteko, 21:00etan Andoni Ollokiegiren emanaldiaz gozatu ahal izango dute herritarrek Txerrimuñon.

Igandeubelean, halaber, 12:00etan, Murixka dantza taldearen lokaletik abiatuta kalejira egingo da Gurutze Santuaren plazaraino (Saldise plaza eguraldi txarra eginez gero). Jarraian, dantza emanaldia eskainiko da. Eguerdian, eta aurten lehen aldiz, 14:30ean, inauterietako bazkari herrikoi eta autogestionatua egingo da, aurrekoa bezala, Koldobike Gezala frontoian eta ondoren, desfilea egingo da bertatik abiatuta. Amaieran, DJ Txankletak arratsaldea girotuko du 20:00ak arte.

Astelehenarre eta asteartebeltz

Astelehenarre egunean, 11:00etan Marinazkane ipuinaren kontaketa dramatizatua eskainiko da Gezala Auditoriumean Mikel Susperregi eta Patxi Aldairen eskutik eta 16:00etan, haurren mozorro lehiaketa egingo da Karlos Saldise plazan.

Asteartebeltzean, halaber, amaiera emango zaie, ohiturei jarraiki, Lezoko inauteriei. Horretarako, 15:15ean Lezo Herri Eskolako ikasleekin epaiketa txikiaren antzezkizuna egingo da eskolako jolastoki estalian etab ondoren txokolatada eskainiko da. 19:00etatik aurrera, berriz, Trapujaleren epaiketa izango da Gurutze Santuaren plazan eta herio bidaiaren ondoren, Trapujaleri eta inauteriei datorren urtera arte agur esango zaie.

 

Arloa edo saila
Eranskinak