“Esklaboen barrakoiak” liburua aurkeztuko da

Al, 2022-03-14 17:36

Mikel Susperregik idatzitako liburua larunbatean aurkeztuko dute, Gezala Auditoriumean.

“Lezokuak”, 2018. urtean Xalto ta Brinko Animazio Elkarteak abian jarritako gazteei bereziki zuzendutako Ipuin Bilduma ilustratua da. Bertan gure herriko pertsonaia edo gertaera historikoak eta beren garaia azaltzen saiatzen dira modu nobelatuan. Txuri beltzeko irudiak erabiliz (Lander Zurutuza), liburuei zahar tankera bat ematen saiatu dira, barruko orrietan paper lodia baliatuz.

Itxura mardula badute ere, irakurterrazak dira. Helburu akademikoa baino, kuriositatea pizteko xedea dutelako. Liburu hauek 12-16 urteko ikasleen artean banatzen dira, batipat, (Lezo Institutuan eta Pasaia Lezo Lizeoan) eta, irakurritakoan, egilea ikastetxeetara joaten da bertan Dinamizazio Literarioak modu erakargarrian burutzera.

Urtero pertsonai berri bat aukeratzen dute, emakumezkoak eta gizonezkoak txandakatuz. Hiru argitaratu dira orain arte.

Laugarren zenbakia, “Esklaboen barrakoiak” du izena eta gaur goizean komunikabideei aurkeztu zaie, bertan, Mikel Susperregi (idazlea), Lander Zurutuza (marrazkigilea), Jesus Mari Martiarena (Lezoko Alkatea) eta Ion Pombar (Kultura zinegotzia) izan dira.

Liburuak gerra ondoko frankismo garaian Jaizkibeleko karretera eta behartutako beste lan batzuk egiteko milaka preso pilatzeko Lezon eraiki ziren barrakoien ingurukoa da. Baldintza oso kaskarretan bizi ziren gizon hauetako askok herriko emakumeengandik jaso izan zuten laguntza, bizirauteko.

Preso hauek bizitutakoa eta emakume hauen lana ezagutzera emateko, liburuaren osagarri gisa Garazi Ugalderen hitzekin eta Inaki Labakaren musikarekin Elkartasun-haizeak bideoklipa ekoiztu dute. (Liburuan agertzen den QR kode baten bidez interneten ikusi ahal izango dena).

Liburua eta bideokliparen aurkezpena Lezoko Gezala Auditoriumean izango da Martxoak 19an, 12:00etan.

Lezokuak 2021 egitasmoak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Lezoko Udalaren babesa jaso du berriro ere.

Liburua aurkezpenaren egunean jarriko da salgai, gainerako bildumarekin batera, prezio berezian.

Ondoren, Hontzan (Donostian), Mirentxun eta Xenpelarren (Errenterian) eta Lezon (646329441) egongo da eskuragarri.

Arloa edo saila