Izena eman duten haur guztiek parte hartuko dute udalekuetan

Or, 2019-06-07 15:19

Aurtengoan 238 haurrek parte hartuko dute uztailaren 1etik 30era bitartean. Ekainaren 18an egingo da gurasoekin bilera, 16:45ean Gezalan eta bertan,  xehetasunak azaldu eta zalantzak argituko zaizkie 

Aurten ere, herriko haurrek giro euskaldun eta atseginean jolasak, dantzak, kantak, antzerkiak eta beste hainbat ekintza egiteko aukera izango dute. Izan ere, izena eman duten haur guztiek udalekuetan parte hartuko dute, guztira 238 haurrek.

Aurreko urteetako eskari kopurua ikusirik, Udalak eskaintzen dituen plazen kopurua handitzea erabaki zuen, 180tik 220ra igoz, eta aurten, kopuru hori gainditu den arren, guztiei erantzuna emate aldera, izen-eman duten haur guztiak onartu dira. Gauzak horrela, Lezon erroldatuta dauden edota kanpokoak izanda ere Lezon ikasten duten haurrek uztailaren 1etik 30era gozatu ahal izango dituzte aurtengo udalekuak, 9.30-13.30 bitarteko ordutegian.

Bestalde, haurtzaindegi zerbitzuan 11 haurrek izen-eman dute eta, beraz, taldea osatu da, gutxienez 8 behar baitziren.

Azkenik, Udalak udalekuetan parte hartuko duten haurren gurasoei gogorarazi nahi die ekainaren 18an, asteartean, bilera egingo dela udalekuen inguruko xehetasunak azaltzeko eta haien zalantzak argitzeko. Bilera, Gezala Auditoriumean izango da arratsaldeko 16:45ean.

Arloa edo saila