Larunbatean, Orratx Antzerki Taldearen ‘GAU FESTA’

Og, 2018-06-07 10:49

Antzerki Taldeak herritar guztiekin batera ospatu nahi du taldearen 20. urteurrena eta, hori dela eta, eskualdeko antzerki zale guztiak daude gonbidatuta Lezo Herri Eskolako jolas gune aterpetura hurbiltzera. 21:00etatik aurrera kontzertu bat egongo da eta 22:00etan hasiko da obra

Aurten Lezoko Orratx! Antzerki taldeak 20 urte betetzen ditu. Horren arrimuan ospakizun berezi bat antolatu du, “GAU FESTA” izeneko ikuskizuna. Antzerki emanaldi hau ekainaren 9an, larunbatean, izango da, kalean, Lezo Herri Eskolako jolas gune aterpetuan, hain zuzen.

Festa giroan murgiltzen hasteko eta emanaldia goxatzen joateko, 21:00etan kontzertu txiki bat eskainiko da eta 22:00etan izango du “GAU FESTA” emanaldiak hasiera.

Zalantzarik gabe, gau berezia izango da, eta eskualdeko antzerki zale guztiak daude gonbidatuak, bereziki Lezoko herritarrak. Baita komunikabide guztiak ere.

Duela hamarkada bat, 2008an, antzerki taldeak 10. urteurrena ere Markesanen ospatu zuen eta orduko esperientzia oroimenean izanik, oraingoan ere herriari kultur ekarpena egin nahi dio. 22:00etan eskainiko den obra, urte guzti hauetan zehar egin dituzten obren esketxak hartuta prestatu dute. Horrela, taldearen ibilbidearen inguruko bidaia bat izango da, herritarrek modu dibertigarrian ikusi dezaten antzerki munduan Orratx! Antzerki Taldeak egin duen lana.

Beraz, herritar guztiak daude gonbidatuta larunbat ilunabarrean “GAU FESTA”z gozatzera.

Animatu eta hurbildu 21:00etatik aurrerantzean Lezo Herri Eskolako jolas gune aterpetura!
 

Arloa edo saila