Lezoko kultur taldeen emanaldiek itxiko dute Kilometro Lezo udako kultur agenda

Og, 2020-09-10 15:51

Ostiralean  Murixka dantza taldearen emanaldia eskainiko da eta larunbatean, aldiz, Musika Eskolako rock taldearen kontzertua, biak Herri Eskolako patioan, gaueko 23:00etan. Doako sarrerak eskuragarri udal webgunean edota kultura saileko bulegoetan. Ospatutako ekitaldi guztiekin batera, helburua da Lezo kulturalki pizten eta indartzen jarraitzea eta kultur sektorearentzako garai gogor hauetan kultur ekintza, ekitaldi zein jarduerak suspertzea eta noski, euskal kultura indartzen eta bultzatzen jarraitzea.

Uda sasoiaren amaierarekin batera, heldu dira Kilometro Lezo udako kultur agendako azken bi emanaldiak, hauek, Lezoko kultur taldeen eskutik.

Izan ere, itxiera ekitaldiak Lezoko kultur taldeei eskaini nahi izan dizkie Udalak, modu horretara herriko kultur eragileen presentzia ere bistaratu, eta haien lana babestu eta indartzeko. Izan ere, Lezoko kultur taldeek, Euskal Herriko gainerakoak bezala, bere jarduna etenda ikusi dute COVID-19aren eraginez eta horrek gogor kolpatu du beren egunerokotasuna.

Horregatik, Kilometro Lezo agendaren bitartez, Lezoko Udalaren helburua izan da, kulturaren aldeko apustuan, kultur sektorearentzako garai gogor hauetan kultur ekintza, ekitaldi zein jarduerak suspertzea eta noski, euskal kultura indartzen eta bultzatzen jarraitzea,  kulturak zein arte sormenak gure gizartean duten eginkizuna eta balioa ikusaraziz.

Euskal dantza eta rock doinuak protagonista

Azken asteburuotan bi antzezlanez, dantza saio batez eta hiru kontzertuz gozatu ahal izan dugu, horien arteko aniztasuna nagusi.

Oraingoan, udako kultur zikloa ixteko, euskal dantza eta rock doinuak izango ditugu protagonista. Gauzak horrela, laugarren eta azken asteburu honetan, ostiralean, hilak 4, Murixka dantza talde lezoarrak euskal dantza saioa eskainiko du eta larunbatean, hilak 5, Tomas Garbizu Udal Musika Eskolako rock taldeek kontzertua emango dute. 

Sarrerak dagoeneko eskuragarri

Aipatu bi ekitaldiak gaueko 23:00etan eskainiko dira Herri Eskolako patioan, doakoak izango dira eta sarrerak dagoeneko eskuragarri daude udal webgunean zein kultura saileko bulegoetan.

Amaitzeko, egungo egoera kontutan hartuta, Kilometro Lezoko ekitaldiak aurrera eramateko protokolo zorrotz bat osatu du Udalak, antolatzaile, artista parte-hartzaile eta ikusle ororen segurtasuna eta osasuna bermatzeko. Hauek dira hartutako neurri nagusiak:

  • Ekitaldi bakoitzeko gehiengo aforoa 250 pertsonakoa izango da eta guztiak eserita egon beharko dute
  • Horretarako aulkien arteko segurtasun distantzia bermatuko duen espazioa aukeratu da, Herri Eskolako patioa hain zuzen
  • Sarreran eskuak bertan egongo den gel hidroalkoholikoarekin garbitu beharko dira
  • Barrura sartzeko ezinbestekoa izango da musukoa erabiltzea, baita ekitaldiak irauten duen bitartean ere
Arloa edo saila