Mendekosteak, jai giro ederrean

Al, 2018-06-04 12:59

Eguraldiak lagunduta, herritarrak kalera irten ziren eta jai giro paregabean bizi zituzten Mendekoste jaiak. Ostiralean, larunbatean zein igandean, helduek zein gazteek jaiak gogoz hartu zituzten eta Lezo herri pirata bilakatu zuten

Maiatzaren 18ko arratsaldeko 17:45ean, bere orduan, iritsi zen Zabarre pirata kaira eta bertaratu ziren herritarren erantzuna zoragarria izan zen. Kaitik udaletxerako bidea ere primeran eta aurreikusi bezala joan zen eta Gurutze Santuaren plazako balkoiak, udaletxekoa tarte, hitzordurako atondu ziren. Gauean, piraten eta gazteen afari autogestionatua aparteko giroan egin zen eta, ondoren, DJ Ikerren eta Dinbi Banda batukadaren emanaldiek gaua girotu zuten herritarrek jaien hasiera ospatu zezaten. 

Larunbatean, bigarren urtez jarraian motozaleen elkarretaratzea egin zen eta, asteburu osoan egin zuen eguraldi zoragarriak lagunduta, jende dezente gerturatu zen. Goizean ere, Kantujira saio ederra egin zen. Arratsaldean, berriz, xake txapelketa egin zen eta uste baino jende gutxiagok parte hartu zuen, izan ere, txapelketa antolatzen zen lehen urtea izateaz gain, Zarautzen oihartzun handiagoko txapelketa bat jokatu zen egun berean. Hori guztia kontuan hartuta, ontzat hartu zen 13 pertsonek parte hartu izana.

Horren ostean, XX. Sagardo Egunaren festa hasi zen. Iaz baino bi produktore gehiagok parte hartu zuten eta benetan ekintza jendetsua izan zen. Jarraian, aurtengo berrikuntzetako batek izan zuen tartea; Orkestrina Banda Jazpana. Bestalde, gaueko kontzertuak arrakastatsuak izan ziren eta gau giro ederrean gozatu ahal izan zuten herritarrek Lezoko bi talde gazteen emanaldiez eta Reggae gauaz.

Jaien azken egunean, igandean, pintxo lehiaketa egin zen. Guztira, 163 haurrek parte hartu zuten eta, horiek, maila bikaina dutela erakutsi zuten. Goizean ere, emakume raketisten arteko partidua jokatu zen, baina ez ziren herritar asko hurbildu pilota modalitate hori ikustera. Arratsaldean, alebinen eta helduen pilota partiduak jokatu ziren Goiko Plaza frontoian eta horietan, aldiz, asistentzia ona izan zen. Bestalde, ‘altxorraren bila’ jolasak ere haurren parte hartze handia izan zuen. Azkenik, Markeline konpainiak eskaini zuen ‘Andante’ kale antzerkia oso jendetsua izan zen, batez ere haurren aldetik, nahiz eta publiko helduago batentzat bideratua izan. Iritziak iritzi, herritarren gustukoa izan zen.

Laburbilduz, aurtengo Mendekosteak jai giro ederrean joan ziren eta herritarrek gogoz hartu zituzten urteko lehen jai hauek. Eguraldiak lagunduta herritarrak kalera irten ziren antolatu ziren jardueretan parte hartzera eta, hori dela eta, parte hartzeaz gain, herritarrek izandako jarrera eskertu nahi du Udalak.

Dagoeneko, Santa Krutz jaiak prestatzeko lanetan murgilduko da Jai Batzordea -hilaren 12an izango da lehen bilera-, izan ere, hauek irailaren 13tik 16ra bitartean ospatuko dira.

Arloa edo saila